Marc Aillet jaun apezpikuaren 2017. Bazko mezua

Marc Aillet jaun apezpikuaren 2017. Bazko mezua

Denak ohartzen gira orai gizonen arteko haremanak zoin diren minberak eta tirabira bide. Eztabada bortitzak, jendetasun eta elkarrizketaren orde. Gero geiago bakotxa bere onaren ondotik,  denen abantaila bilatzeko orde. Horien guzien ondorioa : jenden arteko lokarria emeki emeki itzaltzen. Bakotxak bere baitan daukan gauza gordeena deneri agertu behar, denetan hedatu behar ; norberaren nortasuna alde bat baztertua balitz bezala. Denen arteko ona, denek elgarrekin, guzien eta bakotxaren nortasunaren alde xekatzen ahal dugun on hura zangopilatuz, huna gure arteko lokarriak direla hautsiak.

Gataska eta bortizkeria giro horrek « poxika, poxika sorarazten munduan gudu berri bat » (Frantses Aita Saindua). Terrorismo islamista, egungo egunean, su pizle handia. Nor egon ditake  epel eta axola gabe ikusiz munduan barna, beti geiago, eginak diren atentatu hiltzaileak ? Iragan igandean berean, Aste Saindu hastean, Egipton, girixtinoak garbituak beren sinestearen gatik, Kristo hiletarik piztua baitan sinesten dutelakotz eta sineste hori ez gordetzen !

« Gau betean, zoin eder argia baitan sinestea », dio olerkariak. « Lurra nahas mahas hutsa zen, eta leizearen gainean ilunbeak zauden », hastapenean, ur berriak baitezpadakoak zirelarik, Jainkoak, bere hats, bere Izpiritu bizi emailea agertu zuen eta gauzak beren ozkean ezarri. Guhauren baitako edo gure inguruko deus kataska ez eta bortizkeriak, ez dezake gure esperantza ken ez erabats. Bazkoz kantatzen dugun bezala : « Heriotzea eta bizia borrokatu ziren zoin gehiagoka batean. Biziaren nagusia hil zen; bizirik, Nagusi dago. »

Ospe handitan, Jerusalemen sartu zelarik, Jesusek bere burua utz zezaken, bere bidean harrotu ohore eta puxantziek hantzerat... profeta bezala agertu ondoan Jainkoaren eta populuaren aintzinean, ahala eskura zezaken Jerusalemen eta erregetza Izraelen berriz finka. Bainan, Jesus ez da Jerusalemerat itzuli politika nagusitasun edo garaipen eske, baizik hiltzeko eta pizteko. Kurutzearen gainean hilez, gizonen bihotza du zuzengabekeriatik libratu... hiletarik piztuz, bere bizian parte eman.

Jesus hil eta piztua baitan sinesten dutenentzat, zuzentasunaren eta bakearen alde egiten denik, deus ez da debalde... lagun bakotxak hartze duen nortasuna zaindua, begiratua eta sustatua izaitekotan. Kristori  beti bizirik josten gaituen sinesteak, gu baitan iratzarraraz ditzala bihotz barneko eta izpirituko indarrak, indar horiek gabe, gure artean, funtsezko harremanik ez baititake izan. Otoitz egiten dut girixtinoak beldur gabe berma ditezen denen Ongiaren alde lan egiteko... Kristo kurutzefikatua eta hiletarik piztua dutela oinarri, otoitzaren eta beren haurrideen alderateko zerbitzuari esker. 

Bozkariozko Bazko Besta saindu !

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar et Oloroneko apezpikua.

Mezua entzuteko hemen.