Gure 19 anai arreben dohatsutasunerat altxatzea : Algeriako apezpikuen gutuna

Gure 19 anai arreben dohatsutasunerat altxatzea : Algeriako apezpikuen gutuna

Gure Eliza pozean dago. Frantxoa Aita Sainduak Pierre Claverie apezpikua eta bere 18 lagunak dohatsu deklaratzeko gutuna sinatu berria du. Grazia hori emana zauku  gure 19 anai arrebetaz orroitzea martir gisa, erran nahi baita, hitz horrek erraiten duen bezala, amodio handienaren lekuko direla, maite izan dituztenentzat beren bizia emaiterainoko amodioa. Herri hortan zen heriotzearen lanjerraren aintzinean, hautua egin dute, amodioz eta beren bizia irriskatuz, algeriako anaiekin lotuak zituzten anaitasun eta adixkidantza lokarriak bururaino bizitzea. Beraz, gisa hortan, lokarri horiek heriotza baino azkarrago izan dira.

Gure anai arrebek ez lezakete onar behex ditzagun heiekin bizi izan diren guzietarik. Mugarik gabeko anaitasun baten lekukoak dira, berexkuntzarik egiten ez duen amodio baten lekukoak. Horra zertako beren heriotzeak hainbeste algeriano, musulmano eta egi ikerleen martirioa argistatzen duen, Algeria odolstu duen hamarkada hortan, bakegile, justiziaren gatik pertsegituak, bihotz xuxeneko gizon eta emazteak, heriotzeraino iraun duten guziak.

Horren gatik, omenaldi huntan elgarretaratzen ditugu Algeriako gure anai arreba guziak, milaka dira, beren bizia irriskatzea beldur izan ez direnak, Jainkoaren baitan zuten fedeari , bere herriaren amodioari, edo beren kontzientziari jarraikiz.  Heien artean, orroitarazi nahi ditugu  bortizkeria errefusatzea gatik, beren bizia galdu duten 99 imam algerianoak. Gogoan ditugu ere, intelektual, idazle, berriketari, zientzia edo arte gizonak, segurtasun gizonak, bainan ere aitamak milaka, ez ezagun guziak, indar armatueri desobeditzea hautatu dutenak. Zonbat haur ez dira hil  holako bortizkerien gatik !

Beha ditzagun orai 19 anai arreba horien biziak. Bakotxa hil da  kartiereko biziak, zerbitzio mota guziek beren lagun urko eginak zituzteneri atxikiak egon direlakotz. Heien heriotzeak argitaratu du  heien bizia denen zerbitzuko emana zutela: pobreak, zailtasunean ziren emazteak, handikapatuak, gazteak, denak musulmanoak .  Islamaren desitxuratze den hiltze ideologia batek  ez zituen onartzen ahal sortzez eta fedez desberdinak ziren horiek. Hil dituztelarik, penatuenak ziren auzoko musulmanoak, ahalge baitziren islamaren izenean holako aberekeriak eginak izan zitezen.

Bainan ez dugu atzokoari behatu nahi bakarrik. Dohatsu altxatze horiek oraina eta geroarentzat argi bat izan ditazke. Herra ez dela herrari erantzun egokia salatzen dute, bortizkeriaren gurpil zorotik (edo espiralatik) bazter ditaikela. Bake eta barkamenari buruz urrats bat izan ditaizke gizon guzientzat, Algerian hasiz, bainan ere muga guzien bestaldean.  Hitz profetiko bat dira gure munduarentzat, elgar bizitzarentzat ari diren guzientzat. Eta ainitz dira, gure herrian eta munduan barna, nazionalitate eta erlisione guzietakoak. Horra Frantxoa Aita Sainduaren erabaki horren erranahi sakona. Sekulan baino gehiago, gure etxe komuna dugun planeta hunek badu bakotxaren gizatasun eder eta onaren behar gorria.

Azkenik, gure anai arreba horiek modelo batzu ditugu saindutasunerako bidean. Beren biziaz erakusten daukute Jainkoari xinpleki bainan osoki eman bizi bat  bokazione baten azken pundu goreneraino doala. Ez dira heroiak. Ez dira ideia edo kausa batendako hilak. Algerian den Eliza katoliko ttipi baten menbro ziren, kanpotiarra ikusia izana gatik ere, arras herri huntakoa izaitea hautatu duena. Argi da gu bakotxarentzat, norbait maite dugularik, ez dugula abandonatuko gaizki den mementoan. Hori da adixkidetasun eta anaitasunaren eguneroko mirakuilua. Gutarik ainitzek ezagutu ditugu, heiekin bizi izan gira. Orai  heien bizia denena da. Hemendik harat, gurekin izanen ditugu betikotz adiskidetasun eta anaitasun unibertsalaren beilari.

 Alger, 2018 urtarrila 27
 + Paul Desfarges, Alger arkapezpikua
 + Jean-Paul Vesco, Oran apezpikua
  + John MacWilliam, Laghouat apezpikua
  + Jean-Marie Jehl,   Constantine administratorea

 

 

Christian de Chergé ren otoitza :

Ezin gehiagoraino maitatu nau,

nere ezin gehiago eta bere ezin gehiagoraino !

Bere moldean maitatu nau, urririk, dohainik …

Nik maitatzen ez dakitan bezala :

xinpleki, bere burua ahantziz,

umilki eta erantzunik gabeko zerbitzuaz.

Bereak ezin gehiago maitatu ditu,

denak bereak dira, denak paregabeak gitzaizkio,

paregabe oste handi bat.

Hain du gizakia maitatu

nun bere Seme bakarra eman baitio :

eta Hitza ANAI egin da. Amen

 

 Itzulpena euskaraz : Jean-Michel Barneche apeza.