Katiximako haurrak Senperen 2018. Otsailaren 12an

Katiximako haurrak Senperen 2018. Otsailaren 12an

Joan den Otsailaren 12an, Senperen bildu gira Euskal Herri guzitik, fedearen besta eder baten ospatzeko. Hor ziren 65 haur eta 25 arduradun nunbait han. Aroak ere pesta errespetatu dauku, aste guzia euriz itoak egon ondoan, ateri ginuen eta iguzki izpi batzu ere artetan.

Zertako joanak giren bada Senpererat, oporretako lehen egunean ?

Urte guziez egiten dugu elgarretaratze hori, katixima euskaraz egiten duten haurrek ezagut ditzaten bertze parropietarik etorri lagun berri batzu, eta ikus dezaten zoin goxo eta eder den gure fedea kantatzea eta otoiztea euskaraz, gure ama hizkuntzan. Parropietan ez da errex haurrak katixima euskaraz egiterat gomitatzea, batzutan haurrek berek erdaraz eginez nahiago baitute, eta batzutan ere, katixima egile euskaradun eskasez... Holako egun baten bidez nahi diotegu poz eta kuraia eman !

Zer egin dugun egun hortan ?

Ainitz kantu eta solas, euskaraz. Goizean hor ginituen bi lekuko, Mikel Erramouspe eta Xalbat Itcaina. Kondatu daukute nola partitu ziren beren etxetik kooperante izaiteko Afrikan. Behar dut erran, egun hortako gaia ginuela: « Utzazu zure lurra, zoazi” ; “zato, jarraik neri! » Haurrak heien erraneri lotuak egon dira, oren bat baino gehiagoz, kondatu baitute zoin zail izan zen partitzea, bainan goxo ere eta aberasgarri, jende, populu eta usaia  berri batzuen ikastea. Gero Paxkalek ikusgarri baten bidez egin dauku Bibliarekin lotura, Abraham ere hola joan baitzen, duela aspaldi. Arratsaldean, joko handi baten bidez, gai hori barnatu dute, bai eta harat eta hunat lasterka ibili ! Senpereko elizan bukatu dugu egun eder hori, ospakizun eder batean Jainkoari eskerrak bihurtuz, eta heldu den urtean berriz elgarretaratzeko esperantzan ...

Hea heldu den urtean nun eginen dugun, eta nonbre handiagoan izanen girenez ! !

Jean-Michel Barnetche apeza.

 

Lapurdi irratiaren erreportaia entzuteko :