Imprimer cette page

Marc Aillet jaun apezpikuaren 2018. Bazko mezua

Marc Aillet jaun apezpikuaren 2018. Bazko mezua

Bakea, zuzentasunaren eta amodioaren fruitua.

“Jainkoak nahi izan du bere betearen betea Kristoren baitan egoitea, eta hunen bitartez guziak nahi izan ditu berekin adixkidetzea, bai zerukoak, bai lurrekoak, Kristok kurutzean ixuri odolaz bakea finkatuz” (Kol. 1, 19-20).

Bakea da Kristok, gudu handi baten bidez ardietsi daukun emaitza paregabea. Gudu hori dauku aipatzen Bazko Mezako liturgiak : “Hiltze ta biziaren gudu miresgarria : bizien Nausia hilik, bizi.” Munduan barna denetan hedatzen ari diren herio indarrak elgarretaratu ziren Kristoren kontra. Kristok heriotzeraino obeditu du, kurutzean hiltzeraino “ (Flp 2, 8). Bainan herio-indar horiek ez zuten beren menpeko atxiki ahal eta, hirugarren egunean, bere hobitik atera zen bizirik !

1918-ko borroka bortitzenetarik baten ehungarren urte muga bururatze orroitzapenak gogorazten dauku gerla guzien zorigaitz lazgarriak berekin dauzkaten hobengabeen suntsitzea, ainitzetan indartsuen ezin aitortuzko abantailak zaintzeko. Oraino beharritan dugu ONU-ko Biltzar Nagusian, Paul VI, aita saindu dohatsuak, 1964-an, bota oihua : ”Geiago, gerlarik sekulan ez ! Geiago, gerlarik sekulan ez !”

Bizkitartean, bakeak ez du bakarrik erran nahi gerlarik edo gudurik ez. Bakea da zuzentasunaren ondorioa eta amodioaren fruitua, bakotxak, nor berak, bere burua eskainiz. Nola Jesusek berak eman baitu bere amodioaren lekukotasuna, gu haren etsai ginelarik. Bake horrek manatzen dauku bertze edozoini emaitea hartze duen ona, onartuz bertze edozoinen dretxo zuzen baitezpadakoak guhauren gutizia eta abantailak baino lehen ezarriz. Bake horrek galda dezake nork bere burua eskaintzea nola Arnaud Beltrame soldado aintzindari handiak eman erakaspen xoragarria argi emaile, bere bizia eman baitu bere soldado asmo ezin ederrago eta bere girixtino sinesteari ihardesteko. Badakigu aintzindari handi horrek bere sineste katoliko karra baitan duela aurkitu indarra, bere bizia emanez bertze baten biziaren salbatzeko. Aste Saindu bezperan zer erakaspen ezinago aberatsa, hunkigarria !

Izan dadin politika mailekoa edo erlisione mailekoa, terrorismoa, ez dugu sekulan garraituko non ez den zuzentasunaren eta amodioaren fruituaren indarraz, baketze eta barkatzearen lana. Mail hortan, nondik ez bozkaria ikusiz Euskal Herrian familien arteko eta herrien arteko giroa zoin den egun goxatua, luzaz bortizkeria itsuaren, berexgo, zauritze edo ondorioek odolztua izanik.

Bioetika deitu sail bereziaren karietarat egiten den Biltzar-gogoetak eta berdin kanpotiaren etortzeak inarrosten dituzte asko herritar, gure inguruan : nola ongi-etorri egin, zaindu, sustatu, gure artean onartu, ahulenak eta aise kolpa ditazkenak ; galde bera egin ditake sortu behar diren haurren alderat, bereziki, legearen arabera, aitarik gabe nahi litazken haurrak, beren lurretik aldaratzen direnak gerlari ihes, persegituak edo goseteak haizatuak, soberakin bezala erakarriak eta hil urranak diren xaharrak, gizonen bortizkeriak  arriskuan ezarriak, edo gure norberekeria, egoismoa, hunkitzen duten hobengabeak.

Ez zaituztet sobera gomitatuko Frantziako apezpikuek xede oneko gizon guzieri hedatzen dioten mezua finkatzeko, nola diren apezpikuak zuizidio-lagunduaren (suicide assisté) eta eutanaziaren kontra : “Hori laiteke oraiko gure zozietatearen bihotzean idaztea hauts ditakela zibilizazione manua hau : ‘Ez duzu hilen’. Hori laiteke deneri, eta lehenik ahuleneeri igorri zorigaitz seinalea. Presuna horiek berak ainitzetan galde hunek kordokatzen dituela : ‘Ez ote naiz haxe bat, zama bat, nere  hurbilekoentzat eta ere zozietatearentzat ?’ Kontzientziaren boza ixiltarazteko legearen arabera abileziak edozer izanik, haurride bati, gizon bati biziaren kentzea norbaiten kontzienzian beti laiteke ezin ezezta, ezin ixilaraz, ezin gordezko galde hau : “Zer egin duzu zure anaia ?“ Horrek ez du erran nahi gutiesten dugula “soins Palliatifs” sail beharrezkoaren hedatzea ; ez baitira aski ezagutuak, ez aski zabalduak, pairamen mota guzien arintzeko eginak direlarik, bizi bururatze goxoago bat eskainiz.

Kristo hiletarik piztuak, bortizkeria eta herra garraitu dituenak, gure bihotz-kontzientzia argi dezala, eta eman bakearen alde lan egiteko indarra, Kristok bere Kurutzeko odolaz  ardietsi  bakea.

Deneri Bazko Besta saindu eta alegera !

+ Marc AILLET, Baiona, Lezkar eta Oloroneko apezpikua.

 

Mezua entzuteko :

Mezua irakurtzeko eta entzuteko frantsesez : pour lire et écouter le message en français.

Vous allez aimer...