Elizbarrutiko bestako Bezperak euskaraz eta sirieraz 2018. maiatzaren 6an Baionako katedralean arratsaldeko 16.30etan.

Elizbarrutiko bestako Bezperak euskaraz eta sirieraz  2018. maiatzaren 6an Baionako katedralean arratsaldeko 16.30etan.

Euskal fededunek beldurrik gabe so egiten diete munduko beste lurraldei. Irekidura horren froga agertuko da ezin hobeki heldu den maiatzaren seian, “diocèse en fête” lemaren pean Baionako katedralaren inguruan antolatua den ekitaldian. Igande horretan bezperak kantatuko baitira euskaraz.... eta sirieraz !

Hauxe gauza bat ustekabekoa. Alabaina Euskal fededunek gonbidatzen dituzte Siriatik ihes alde hauetara etorriak diren siriarrak hauek kantatuko diote kantu bat Andredena Mariari, bai eta “Gure Aita”. Azpimarratzekoa da ekialdeko Eliza siriakoak kantatzen duen gure aita emanen dutela, aramear hizkuntzan, hots Jesu Kristo bera mintzo zen hizkuntzan. Hara Euskal fededunek frogatuko dutela igande horretan beren sorterritik ihes heldu direnei Elizak ekartzen dioten sustengua, salmoak euskaraz ezin ederkiago xaramelatzearekin batera. Siriar iheslariekiko partaidetza horrek erreferentzia zuzena egiten dio, iparraldeko giristinoek joan den mendean Belokeko komentutik abiatu eta Eliza siriakoaren baitan bizitu duten mende erdiko ibilaldiari.

Goragoko argazkian diren fraidetan zortzi bederen iparraldekoak dira, Jerusalemen, Abu Gosheko komentuan argazkitan hartuak. Ikusteko da zer kariaz joan ziren eliza siriakoaren zerbitzuko hainbeste euskal fraide Beloketik. 1895-1900 urtetan gara, Frantzian eskolaren gerla hasia da ; hala ere botere zibilak Eliza katolikoari dei egiten dio, Jerusalemetik hogei bat kilometrotan Abu Gosh deitu lekuan eroria den eliza baten berreraikitzeko, Inperio otomanoak Frantziari utziak dizkion zenbait kilometro kuadraturen barnean. Kasik memento berean, Ephrem II Rahmani eliza siriakoaren patriarkak laguntza galdaturik, Leon XIII Aita Sainduak beneditar ordenari galdatzen dio fraide multzo bat igor dezan Abu Gosherat, eliza hori berreraiki eta eliza siriakoaren apezgaiak moldatzeko. Leon XIIIak zehazten du errito siriakoa beharko dutela beneditarrek errespetatu, ezagutu eta apezgaiak horretan moldatu. Batikanoaren proposamena beneditarren ordenaren barnean jaisten da... Belokeko komenturaino.

Beloke 1875ean irekia duen Jean-Leon Bastres aitak fraide ekipo bat bidaltzen du Jerusalemera. Fraideak segidan lotzen dira lanari, haien artean Aldude Xiloeneko Benoit Gariador eta Mentako J.B. Ardans Teofano fraide-izenekoa. Argazki pean agertzen dira beste zazpi euskal fraideren izenak. Ezagut daitezke ere Biarno aldeko bi fraide : Anselme Chibas-Lassale eta Alexandre Lannes, Palestinan oroitzapen hunkigarria utzi dutenak. Beloketik Jerusalemera igorriak diren fraidek berreraikitzen dute Abu Gosheko eliza, inguruan komentua altxatzen dute, eta Jerusalemetik hurbilago den “maison d’Abraham” eraikinean apezgaitegia irekitzen dute. Bi egiturak eliza siriakoarenak dira.

Belokeko artxibategian atxikia den argazki batean,1947 urtekoa “Maison d’Abraham” apezgaitegian hartua, hiru euskal fraide ezagut daitezke : Alphonse Arregui Baigorriarra, Placide Berasategui Gipuzkoa-Zegamatik Belokerat etorria, eta Gabriel Lerchundi i Ziburutarra. Azken honek egin duen lana aipatu beharra dago.

Gabriel Lerchundik Frantzian egin zitezkeen maila goreneko musika eskolak eginak ditu. 41 urtetan bidali zuten Beloketik Abu Gosherat. Bi urte iragan zituen lekuko apez batzuekin Siriako elizako salmo eta kantutegia biltzen. Kantaria entzutearekin notak markatzeko gai da. Belokeko artxiboetan aurki daiteke liburu bat gotorra Gabriel Lerchundik osatua salmo eta kantika siriakoekin.

1948-1950 urtetan Jerusalemen zen egoera nahasi eta lanjerosaren gatik, Abu Gosheko komentua utzi zuten fraidek eta Belokerat itzuli ziren. Memento beretan “Maison d’Abraham” apezgaitegia hetsi zuen eliza siriakoak, eta apezgaiak Libanon zuen beste apezgaitegira eraman zituen. Orduan itzuli ziren Belokerat fraide guziak. Jerusalemeko apezgaitegiaren etxea Frantziako sokorri katolikoak erosi zuen eta behardunen laguntzeko baliatzen du geroztik eta orain ere. Bastizaren memoria ez galtzeko, sokorri katolikoak  harri bat ezarria du lur sainduetan hil diren beneditarren izenekin. Hogei fraideren izenen artean bederatzi bederen euskaldunak ezagut daitezke.

Handik honat itzuli bezain laster, Gabriel Lertchundi lotu zen hemengo elizkantutegia biltzeari, eta aita Iratzederrek ontu zuen hainbeste olerkiri aireak sortu zizkion. Beloke-Abu Goshen historiako parte hori oro gogoan segur gaurko siriar iheslariak arras guri hurbilago sentituko ditugula euskal bezpera horiek kantatzean, Baionako katedralean, maiatzaren seia arratsaldeko lau eterdietan, lauetan errepika labur bat egin eta segidan.

Mattin Larçabal, “Fedea eta Kultura” taldearen izenean.

Argazki honetan Abu Gosheko apezgaitegian urte luzez egon diren belokeko fraideak. Gaineko lerroan (7) : Philippe Zurutuza (ezker puntan), Paul Irastorza (ezkerretik bosgarrena), Louis Bereciartu (ezkerretik seigarrena), Alexandre Lannes (ezkerretik zazpigarrena). Erdiko lerroan (10) : Teofano Ardans (ezkerretik bigarrena), Bertrand Hiriart (hirugarrena), Anselme Chibas-Lassale (seigarrena), Olazabal (zortzigarrena). Behereko lerroan (5) : Benoit Gariador (ezkerretik hirugarrena).

Mikel Erramouspé-ren argitasunak hemen :

Lire cet article en français.