2018. uztailaren 14eko beila Urkiolara

2018. uztailaren 14eko beila Urkiolara

Retour sur le pèlerinage diocésain en basque du 14 juillet 2018 en Biscaye au sanctuaire de saint Antoine d'Urkiola présidé par le Père Angel Mari Unzueta, vicaire général du diocèse de Bilbao.

Uztailaren 14ean bi urtetarik egiten den euskarazko beilak Bizkaia aldera eraman gaitu aurten. Gipuzkoa (Arantzazu – Loiola) eta Nafarroa (Jabier) bisitatu ondoan, Urkiolako San Antonio Saindutegira izan gira. Durango pasatu eta zortzi edo hamar bat kilometrotara, Gazteizerako bidean, aurkitzen da Saindutegia, Urkiolako Parke Natural zoragarrian kokaturik.

Larunbata izanagatik, beharbada, usaian baino apez eta jende guttiago izan da, 250 bat inguru beilari. Denbora gaitza izan dugu, eta denek gozatu ahal izan dugu bazterren edertasuna.

Angel Mari Unzueta, hamabi urtez Bilboko Bikario Nagusi izan dena, ginuen Biltzarburu Mezan eta Bezperetan. Orai kargu hori utziko du preseski Urkiolako Saindutegiaren kudeakuntza hartzeko. Begi-bistakoa zen haren emozionea, kantuen edertasunak eta kartsutasunak hunkiturik. "Horrelako Liturgiak bizitzeko eta biziarazteko, jiten ahal zirezte urte guziz toki huntara !" zioen berak. Homilia bi pondu nagusietan oinarritua zuen: etorkinari ongi-etorria eta bakegintza. Homilia osoa aurkituko duzue diosesako webgunean.

Jende gehienek eguerdiko bazkaria etxetik ekarria zuten eta gogotik elkar-partekatu ere Parkeko itzalpean. Ederki "aserik" ere atera dira tokiko jatetxean bazkaldu diren 80 bat bazkaltiarrak.

Arratsaldean egina dugu Galbarioko lekuan otoitza bat “Laudato si” Frantses Aita Sainduaren entziklikaren buruz eta kantatu dugu Bezperak elizan.

Denak tenorez xuxen joan dira eta jendea etxeratu da aratseko zortziak inguruko, galdera hau ezpainetan: "eta ondokoa nun ?"

 

Entzun Angel Mari Unzueta Bilboko bikario nagusiaren predikua :



Entzun Fededunen Otoitza Beñat Soulé-ren bertsuak :



Entzun Meza osoa :



Entzun Bezperak :

 

 

Angel Mari Unzuetar Bilboko bikario nagusiaren predikua :

Bozkarioz hartzen eta agurtzen zaituztet. Zuen programa miresten dut eta zuen kantuekin gozatzeko asmotan nauzue.

Beilak edo erromesaldiak gure egoera adierazten du, pertsona bezala eta Jainkoaren Herri bezala. Bidez bide goaz, bizitzaren ibilbidean. Eta, hain zuzen ere, igorketa aipatzen dituzten bi testu aukeratu dituzue Mezarako.

Lehenengo irakurgaian, profeta, Izpirituak eraginda, igorria da Jainkoaren eginkizunak zabaltzera: zauriak sendatu, askatasuna iragarri, kontsolamendua erein, behartsuak zerbitzatu; hau da, berri ona, graziazko garaia zabaldu. Misio bera hartuko du Jesusek, Lukasen ebanjelioan pasarte berau aipaturik.

Profetaren misio edo zeregin bera da gurea ere. Hainbat bidetatik, hainbat eratara, gu ere igorriak gara, Jainkoarren berri ematera, bere grazia garaia adieraztera. Eta, egia esan, horixe da gutariko bakoitzaren eta gure elkarteen bokazioa: sendatu, askatu, zaindu, kontsolatu.

Ebanjelioan, Jesusek bere ikasleak igortzen ditu, berarekin egon eta eskolatu ondoren. Eta ebanjelizazioaren indarra Jesusengandik datorrela argi erakusteko, baliabide handirik gabe igortzen ditu, apal eta xume. Eta bakezkoa izan behar da lehen hitza, lehen agurra, elkartasuna erein eta eragin nahian. Vatikanoko II. Kontzilioak Eliza zer den adieraztean, hauxe esan zuen: Jainkoarekiko eta gizon-emazteen arteko elkartasunaren ispilua eta tresna; hau da, elkartasuna bizi eta bultzatzera bidaliak gara.

Binaka igortzen ditu Jesusek bere ikasleak, ez bakarrik, ez norbere kasa, elgarrekin bat eginda baizik. Denok igorriak, baina elkartean.

Gaurko irakurgaien argitan, bi esparru aipatuko nituzke, entzundako mezua gure eguneroko bizitzara bideratu ahal izateko. Lehenengoa, etorkin eta errefuxiatuen drama. Ez omen da erraza korapilo hori askatzea eta konponbideak bilatzea. Baina, dena dela, lotsagarria da, haien aurrean sarritan agertzen den axolagabekeria. Gogoan izan, gutxi asko denok garela edo izan garela etorkinak, Afrikan omen baitago gizadiaren sorterria. Beha dezagun nork berak eta norbere elkarteak arlo honetan egin dezaketena: behartsuen ondoan egon, aterpea eskuratu, lagundu.

Eta bigarren esparrua, bakegintzarena. Bi irakurgaietan agertzen da, eta, une honetan, gure herrian dugun premia bizia da. Bakea neurri on batean nahiko ziurtaturik badago ere, bada zauririk eta zauriturik nahiko gure inguruetan: senitarteko edo etxekoren bat galdu dutenak, mehatxu edo estortsioaren zamarekin bizi izan direnak,  tortura jasan izan dutenak, indarkeriaren eraginez jaioterritik kanpora joan behar izan dutenak, katigu dagoena bisitatzera joateko urrunegi joan behar dutenak. Ez dira gugandik oso aparte bizi. Helarazi diezaiegun gure kontsolamendua eta elkartasuna.

Urkiolako beilak gogoratzen digu erromesak, ibiltariak garela, Jainkoa dugula bidelagun. Zabal dezagun bere maitasun samurra eta bere hurbiltasuna, gurekin batera bidean aurrera doazen bidelagun guztien artean, batez ere beharrizanen bat dutenen artean. Hala izan dadila.

 

Fededunen Otoitza

Hitzak : Beñat Soulé. Doinua: Aratsalde on lendabiziko...

 

San Antonio santutegirat bildu da euskal bihotza

Zure aldera dugun fedea ez dago oraindik hotza

Zeruko Aita dena maitasun dagoenez zure hitza

Onar ezazu egun hemendik helarazten den otoitza

 

Berri onaren hedatzen badu elizak lan asko beti

Uzta nasai da bainan halere bertan langilea guti

Zeruko Aita zure bihotza hain baita gozo ta ezti

Lan hortarako lagunt gaitzazu gaiten oraidanik xuti

 

Zonbat miseri ta injustizi munduan ez da agertzen

Etorkin ainitz gure alderat baitira galdezka biltzen

Zeruko Aita erakuts guri gogo bihotz idekitzen

Dezagun jakin guk amodioz horien errezebitzen

 

Xahar ta eri etxe xokotan bizi zailaz etsituak

Zenbat famili deseginikan, zenbat bihotz urratuak

Zeruko Aita maitasun handiz hedatu zure eskuak

Itxaropenez ditezen izan egunero sustatuak

 

Baserritarrak lan asko badu dadin goiz ta aratsalde

Zure geriza san Antonio hoientzat ez da debalde

Gaurkotz ere dut berritu nahi eginaz hemendik galde

Beti bezala ager zaiten zu baserritarraren alde

 

GALBARIOAN LABORARIEN ETA NATURAREN BENEDIKATZEA

              

Oi Gurutzea, oi Gurutzea, gurutze saindu maitea ! (bis)

 

Eskerrak bihur ditzagun Jainkoari

lurra eta zeruaren gatik, iguzkia eta euriaren gatik,

eta sasoinen gatik.

 

Eskerrak bihur ditzagun Jainkoari,

uztaren menturan, ereiterakoan eta landatzerakoan

bizi dugun esperantzaren gatik.

 

Galdegin dezagun Jainkoari benedika dezan

pentzetan, mahastietan, sagardietan, baratzetan egiten dugun lana,

hauen fruituek indarberri gaitzaten bere zerbitzurako.

 

Galdegin dezagun Jainkoari benedika ditzan,

gizon guzien artean

lur huntako ontasunak hobeki partikatuak izan diten

eginahalak egiten dituzten guziak.

 

Galdegin dezagun Jainkoari benedika dezan

bere Hitzak gure bihotzetan egiten duen lana.

Galdegin diezogun ere jar gaitzan

bere agintzen betetzeko bidean.

 

Aita guziz saindua,

zuk diozu manatu gizonari

lurra arta eta zaint zezan,

apalik otoizten zaitugu :

urrunt ditzazu gure landetarik harria eta galerna,

egizu uzta izan dadin nasaia.

Guziz ona zirelako,

ugaldu itzazu hazi guzien mozkinak.

 

Eskatzen dautzugu

+ Aitaren

eta Semearen

eta Izpiritu Sainduaren izenean.

Amen.

 

Kreazionearen Salmoa L 10

1 «Laudato si’, mi’ Signore» – «Laudatua Zu, ene Jauna», kantatzen zuen Asisko Frantziskok. Kantika eder hortan, hauxe gogorarazten zaukun: guziena den etxe hau arreba baten idurikoa da, zeinekin konpartitzen dugun gure existentzia; bestetik, bere besoetan hartzen gaituen ama galant baten idurikoa: «Laudatua Zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurrarengatik, horrek sustengatzen baigaitu, gobernatzen, eta lore koloretsudun hainbat fruitu eta belar emaiten» [1].

2 Arreba horrek garrasi egiten du egiten diogun kaltearengatik: Jainkoak eskaini dauzkigun ondasunen erabilpen ez-arduratsua eta abusuak direla bide sortzen diren kalteak. Bere jabe eta nagusi bakarrak bagina bezala hazi gira, eta uste ginuen baginuela eskubidea ama-lurrarekin nahi ginuen guzia egiteko. Gizakiaren bihotzean, bekatuak zauriturik, dagoen biolentzia garbiki ageri da lur-zola, ur, aire eta izaki bizidunen baitan ageri diren eritasun-sintometan ere. Horregatik, pobrerik abandonatu eta gaizki tratatuenen artean aurkitzen da gure lur zanpatua eta suntsitua, eta ezin isildurik «erdiminetan intzirika ari dela» (Erm 8,22). Ahanzten dugu gu ere lurra girela (cf. Gn 2,7). Gure gorputza bera planeta huntako elementuez osatua dago: horko airea da hats emaiten daukuna eta horko urak biziarazten eta indarberritzen gaitu.

66 Hasiera liburuko kreazionearen kondakizunek, beren hizkera sinboliko eta narratiboan, irakaspen sakonak badituzte gizakiaren existentziari eta bere errealitate historikoari buruz. Kondakizun horiek iradokitzen dute giza existentzia funtsezko hiru erlazio hertsiki konektatuetan ardaztua dagoela: Jainkoarekiko erlazioa, lagun hurbilekoarekiko erlazioa eta lurrarekiko erlazioa. Bibliaren arabera, hiru erlazio esentzial horiek hautsi dira, eta ez bakarrik kanpotik, baita gure barnean ere. Haustura hori da bekatua. Kreatzailearen, eta gizadia eta kreaturiko guziaren arteko harmonia, hunengatik hautsi zen: Jainkoaren tokia hartu nahi izan dugulako, kreatura mugatuak girela onartu gabe. Gertakari horrek desitxuratu zuen: lurra “menderatu” (cf. Gn 1,28) eta “lant eta zaintzeko” agindua (cf Gn 2,15).  Ondorioz, erlazioa, hastapenean harmoniatsua gizakiaren eta naturaren artean, gatazka bilakatu zen (cf. Gn 3,17-19). Horregatik da adierazgarria San Frantziskok kreatura guziekin bizi zuen harmonia interpretatu izana haustura haren sendatze eta konponketa moldean. San Buenabenturak zioen, kreatura guzien adiskidetze unibertsalari esker, San Frantzisko inozentzia-egoera primitibora  itzuli zela. Eredu hortarik urrun, gaur egun bekatua, bere indar suntsitzaile bortitza gibeletik duela, huntan manifestatzen da: gerletan, hainbat biolentzia-mota eta tratu txarretan, ahulenen abandonuan eta naturari egiten zaizkion erasoetan.

Zeru-lurrak zoin diren ederrak – Kopla 1.

98 Jesus harmonia osoan bizi zen kreazioarekin, eta gainerakoak harritzen ziren: “Zer dugu hau, haizeak eta lakuak huni obeditzeko!”. Ez zen agertzen mundutik bereizi aszeta baten gisan eta bizitzako gauza atseginen kontrario bezala. Hauxe zioen bere buruaz: “Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duena, eta diote: ‘Hori tripoia eta mozkorra” (Mt 11, 19). Jesus urrun zegoen gorputza, materia eta munduko gauzak mespretxatzen dituen filosofietarik. Bizkitartean, dualismo maltzur horiek heldu ziren kristau pentsalari batzuen baitan, historian zehar, eragin handia izaitera eta Ebanjelioa anitz desitxuratzera. Jesusek eskuekin lan egiten zuen, Jainkoak sorturiko materiarekin egunero kontaktuan jarriz, bere artisau-trebeziaz forma emaiteko. Atentzio handia emaiten du bere bizitzaren parterik handiena eginkizun hortara dedikatu izanak, izaite-molde arras sinplean, niholako miresmenik iratzartzen ez zuen ofizioan: “Ez ote da zurgina, Mariaren semea?” (Mk 6,3). Horrela saindutu zuen lana eta garrantzi berezia eman zion gizaki bezala hazi eta heltzeko. San Juan Paulo II.ak hauxe erakusten zuen: “lanaren nekea jasanez gugatik gurutziltzaturiko Kristoren batasunean, gizakia, aldez edo moldez, Jainkoaren Semearekin kolaboratzen ari da gizadiaren erredentzioan”

Zeru-lurrak zoin diren ederrak – Kopla 2.

221 Gure fedearen hainbat konbikziok, Entziklika hunen hastapenean garatuak, konbertsio horren zentzua aberasten laguntzen dute; hala nola, kreatura bakoitzaren baitan Jainkoaren zerbait mirailatzen delako kontzientzia eta badu guri helarazteko mezua, edo Kristok  mundu material hau bere baitan asumitu duelako segurtasuna eta orain, berpizturik, izaki bakoitzaren barne-barnenean bizi dela, amultsutasunez inguraturik eta bere argiaz zeharkatuta. Baita hau ere: Jainkoak, sortu duen munduari, ordena eta dinamismo bat ezarri dio, eta gizakiak ez dauka hori ahanzteko eskubiderik. Ebanjelioan irakurtzen dugunean Jesus xorieri mintzo dela, eta erraiten duenean “heietarik bakar bat ez du(ela) Jainkoak ahanzten” (Lk 12,6), kapable izango ote da norbait tratu txarra eman eta kalte egiteko? Kristau guziak gomitatzen ditut beren konbertsioaren dimentsio hori esplizitatzera, hartu dituzten indarra eta argiaren grazia heda daitezen gainerako kreatura eta ingururatzen dituen munduarekiko erlazioan, eta eragin dezala anaitasun gorena sorturiko guziarekin, Asisko San Frantziskok hain argitsu bizi izan zuena bezalakoa.

222 Izpiritualitate kristauak proposatzen du mundu alternatibo bat, bizi-kalitatea ulertzeko, eta nahi duena da bizi-estilo profetikoa eta kontenplaziozkoa, barnaki gozatzeko gisakoa, kontsumoarekin obsesionatu gabe. Garrantzitsua da irakaspen zahar bat gogoan hartzea, tradizio erlijioso askotan presente dagoena, eta Biblian ere bai. Hauxe da: “gutxiago gehiago delako konbikzioa”. Kontsumitzeko etengabeko posibilitateak pilatzeak bihotza distraitu egiten du, eta gauza bakoitza eta momentu bakoitza baloratzea trabatzen. Aldiz, errealitate bakoitzaren aintzinean, den ttipiena izanik ere, soseguz presente egiteak konprentsiorako eta errealizazio pertsonalerako aise posibilitate gehiago idekitzen dauzkigu. Izpiritualitate kristauak sobrietatea praktikatuz haztea eta guttirekin gozatzeko gaitasuna proposatzen ditu. Sinpletasunerako itzulera da; gauza ttipiak baloratzen irakasten dauku; biziak eskaintzen dituen posibilitatek eskertzen ere bai, daukagunari guziz atxiki beharrik gabe eta ez daukagunagatik tristatu gabe. Horrek erran nahi du nagusitasunaren dinamika eta plazeren pilaketa hutsa saihestea.

223 Sobrietatea askatasunez bizi behar da, eta kontzientzia askatzailea da. Ez da bizi eskasagoa; ez da intentsitate apalekoa, guziz kontrarioa baizik. Garbi erraiteko, gehiago gozatzen dutenak eta momentu bakoitza hobeki bizi dutenak dira han eta hemen mokoka ez dabiltzanak, ez daukatenaren bila beti, eta pertsona bakoitza eta gauza bakoitza baloratzea zer den esperimentatzen dute, badakite hartu-emanean nola jokatu eta badakite gauzarik sinpleenaz gozatzen.  Horrela badakite ase gabeko beharrak guttitzen eta nekea eta obsesioa anitz murrizten dituzte. Posible da gutti behar izaitea eta asko bizitzea, bereziki gai baldin bagira beste plazer batzuk garatzeko eta satisfazioa lagunartean, zerbitzuan, karismen hedapenean, musikan, artean, naturarekiko kontaktuan eta otoitzean aurkitzen bada. Zozotzen gaituzten premia batzuk mugatzen jakitera behartzen gaitu zorionak, eta horrela prest egongo gira biziak eskaintzen dauzkigun mila posibilitatetarako.

Zeru-lurrak zoin diren ederrak – Kopla 3 et 4.

 

Télécharger les pièces jointes :