Imprimer cette page

2018. Eguberriko mezua - Marc Aillet jaun apezpikua

2018. Eguberriko mezua - Marc Aillet jaun apezpikua

Ainitz gisetarat argibide guretzat, San Luk ebanjelistak kondatzen baitauku nolako  egoera zen ba sozio-politiko mailean, ba erlisione mailean, Kristo Juduen artean agertu delarik (San Luk 3, 1-2). San Lukek erakusten dauku zer heinetaraino politika buruzagiak,  eta berdin Izraelgo erlisione arduradunak erakarriak ziren Erromanoen aintzinean ahuspez emaiterat, heien esku utziz beren gider guziak ; ordainez Erromanoen ganik berentzat fagore eta abantail alxatuz, Judu populuaren ona eta probetxuak ahanzteraino.

Tiberio Enperadorea eta Pontzio Pilato Prokuradorea ganik populuak jasan behar duelarik zama ahalgegarri eta bortitza. Iduri du dibortzioa, berextea barnatuz ari dela Populu arduradunen eta jende apalen artean. Jende apalak dabiltza deus argi gabe…. hainbertzetaraino non lehenago profeten bidez hain usu mintzo zen Izraelen Jainkoa orai ixilik baitago, iduri populu horren auhenak eta oihu minak ez dituela entzuten. Ahur bat apal, «Jainkoaren pobreak », Liburu Sainduen ikertzerat bermatzen baitira, gosta dena gosta esperantza atxikitzen dute Jaunak hitzeman duena obratuko dela. Bainan ainitzek, geienek, ixilik jasaiten dute ; bertze batzuk aldiz nahi lukete bihurtu « Zelotes » alderdiarekin emanez. Zelotes horiek bortizkeria armatua baitute xerkatzen.

Zart egiterako egoera hortan da Jainkoaren Hitza Joanes Batistari mintzatzen, ez hirietako zalaparteen artetik, ez eta munduaren kudeatzea eta aldatzea bilatzen duten auzitegitako jaunen ahotik. Jainkoaren Hitz hori desertuan, basabortuan agertzen. Jendetzeak ez dira enganatzen Hitz horren ingurura biltzen direlarik, horren entzuteko, horren prediku eta erakaspenen entzuteko. Bixtan da ba sozial mailean, ba politika mailean, jendeek librantxa igurikatzen dutela, bainan ere bilatzen argi zerbait erlisione mailean. Bere aldetik Joanes Batistak ez ditu jazartzerat gomitatzen, izaitekotz Jainkoaren ganat itzultzerat eta bihotz berritzerat zuzentasunerako bideari lotuz. Jondoni Joanesen gutizia ez da jendeen altxaraztea zerga biltzalen edo soldadoen kontra; aldiz ba denak konbertitzerat, bihotz berritzerat gomitatzea, zeren eta Salbamendua denentzat baita (ikus San Luc 3, 10-13). Horra zendako den oroz gainetik Jainkoa gizakiaren bizian egun batez barna sartzearen lekuko… Kristo gizaki izaite batean sartzen delako lekuko  bezala, Jainkoa gizaki izaiteari zinez hurbil, bere haurren oihuak entzuten dituela, Harek bakarrik baigaitu salbatzen ahal : « Nik urez bataiatzen zaituztet ; bainan heldu ni baino ahaltsuago dena… Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte » (Luk 3, 16).    

Oraiko egunean oraino, aste hauietan, Frantzian, horra gizon eta emazte batzuk agertzen dutela askatze bat : segurrenik horra zertako diren beren baitarik xutitzen, beren behar orduen entzunarazteko ekonomiko eta sozial mailean, iduriz gobernatzaileak ez dutela gizon eta emazte horien egun guzietako biziarekin loturarik. Asmatzeko da ere haatik  eskatze horiek agertzen dutela egun guzietako biziari buruz dituzten herstura larriak, barnago danik heldu zaizkotela, diruak ase ez dezaken barneko galde edo gose bat, biziko galdeari osoki ihardets ahal dezakena. « Mundu antolatze » berri bat xerkatzen dute. San Lukek dio Auguztok Enperadoreak manatu zuela « mundu guziko jendeen kondaketa egitea » (Lk 2, 1). Munduko handikiek gutizitzen dute ontasunak eta dirua metaka harat hunat libroki ibiltzea ; denbora berean «mondialisation » deituak eta ekonomia diruaren menpeko dagola, zonbat jende beren herritik kanpo eta urrun joaiterat borxatuak, aurkitzen ez duten mundu hobe baten menturan.

Aitortu behar da mundu hunek iduri duela ukatua, panan dela, Jainkoa  iduri gordea dela gizakiaren bixtatik, behar bada baztertua. Oraiko jendaiek, sekulan baino geiago, badute sinets ditazken Jainkoaren lekuko beharra, erakusteko Jainkoa beti mundu huntan ere barne dagola, « ez edozoin Jainko : bakarrik Zinai Kaskoan mintzatu den Jainkoa, Hunen begitartea ezagut baititake bururaino emaiten den amodioa baitan, Jesu Kristo kurutzean itzatua eta hiletarik piztua » (Benedikto XVI).

Horra zer den Eguberriko mezua : beti berdin egokia eta oraiko. Mundu ezindua eta akitua den oren hartan, Populuak uste ukan zezakelarik osoki bere gain zagola, Jainkoak ere bazterrerat uzten , huna non Aingeruak artzaineri iragartzen dioten : « Egun, sortu zaitzue Salbatzaile bat, Hura da Kristo Jauna » (Lk 2, 11). 2018ko Eguberrikari,  hori da Elizaren  mezua ; mezu hori ez da ainitzek deramaten bizitzetik urrun. Gure gizaki baldintza edo kondizione bera hartuz gauza guzietan, bekatuaz kanpo ; pobre sortuz behartsuen, pobreen artean, guhaur jotzen gaituzten pairamen eta hiltzea bere gain hartuz, Jesusek ardietsi dauku Jainkoaren haur bilakatzea » (Jondoni Joani 1, 12). Bihotzak aldatu eta berritu ditu guk ere, Harekin batean, parte har ahal dezagun munduaren eraikitzean, ez mundu hobe bat, bakarrik mundu berri bat.  Jainkoari eman diezogun leku lehena. Haren graziari zabal diezogun gure bihotza, eta arizan gaiten, berma gaiten, gutartean nagusi ditezen amodioa, zuzentasuna eta bakea.

Deneri, Eguberri saindu eta alegera bat !

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar eta Oloroneko apezpikua.

  • Mezua entzuteko :

Eguberriko mezua erdaraz : message en français.

 

Vous allez aimer...