2019. Bazko mezua : Kristo bizi da !

2019. Bazko mezua : Kristo bizi da !

“Christus vivit – Kristo bizi da !” Hitz horiekin hasten du Frantses Aita Sainduak Jainkoaren herriari eta munduko gazte guzier igorri duen gutuna. Hori da hil eta piztua den Jesusen baitan sinesten duten giristinoek goraipatzen duten fedezko oihua, Bazkoz hain kartsuki eta esperantzaz beterik.

Jesus hilobitik garaile atera den Bazko goizaz geroztik, mendeak trebesatu dituen mezu nagusi horren beharra ba du gaurko munduak. Ba dugu alabainan hainbat arrazoin burua apal eta begiak bustirik ibiltzeko, parean ukanez heriotz indarrek egiten duten lana mundu zabalean bai eta ere Elizaren barnean. Bainan Jesus guretzat hil eta piztuz geroztik, ez dute ez herioak ez eta kondenuek azken hitza ukanen “heriotzea garaitua baita” (1 Kol 15, 14).

Bere kideen ahulezia eta eskandalen gatik Elizak, munduari hedatzen segitu behar duen mezu nagusi hori, bermatuz oraiko eta lehenagoko sainduen lekukotasunaren bertutean, hiru sinespen hauetan laburbil daiteke : “Jainkoak Aita batek bezala maite zaitu, Kristok esklabotasunetik eta bekatutik salbatzen zaitu, eta hirugarrenik, Kristo bizi da” (Frantses Aita Saindua).

Kristo Elizaren baitan bizi da, nahasmenduek Eliza inarrosirik ere, Kristo beti hurbiltzen zaizu zure biziaren noraezetan, ezin konprenituak zure baitan sortzen dauzkizun kuraia galtzeetan : salbamendu hori Kristok eskaintzen dautzu, biziaren aldeko hitzekin eta sakramenduetan. Munduak tematsuki goraipatzen dituen parabisu tentagarrietan bilatzen duzun salbamendu hori hain zuzen ! Salbatzaile bakarra Jesus da, harek baititu herioa eta bekatua garaitu! Horren esperientzia egina duen orok zorionaren bidea atzeman du, eta ez luke altxor hori beretzat bakarrik atxiki nahi !

Girixtinotasuna ez da lehenik lege bat edo baloreak aitzinean emaiten dituen eginbide ikasgai bat. Gizona ez dute salbatzen, ez legeak ez eta baloreek, nahi bezenbat adostuak izanik ere ! Giristinotasuna ez da  lehenik doktrina bat segurua, ez da salbatzen duten egien katalogo bat. Baina legea betetzen baldin baduzu eta egia ezagutzen, hori da Kristo gurutzatu duzulakoz. Giristino izaitearen sorburua ez da eginbide erabaki bat, edo ideia handi bat, bainan bai norbaitekin buruz buru gertatu garelakoz, norbait hori biziari jomuga berri bat emaiten diona, eta hortik aitzina gu baitan orientapen erabakigarriak pizten dituena (Benedikto hamaseigarrena).

Kristorekin buruz buru egiteak gaitu egia osoaren bidean emaiten, eta biziaren gramatika erakasten, horiek gabe ezin baita Bizia nasaiki izan. Jesusek bakarrik erran dezake : ni naiz Bidea, Egia eta Bizia (Jn 14, 6).

Aurtengo Bazko besta hunek esperantzan sarraraz gaitzala ! Elizaren begitartea histen duten kolpeak gorde gabe, gauzak goragodanik har ditzagula ; eta Jondoni Pauloren gomendio hau segi dezagula : “Kristorekin piztuak zireztenaz geroz, bila gain hartako gauzak, han baitago Kristo, Jainkoaren eskuin aldean jarria. Itzul zuen gogoa gain hartako gauzetarat, ez lurrekoetarat. Hilak zirezte alabainan, eta zuen bizia Kristorekin dago Jainkoaren baitan gordea” (Kol 3, 1-3).

Bazko saindu eta zoriontsu !

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpikua.

  • Mezua entzuteko :