Beloketik "Ezkila kantuz"

Beloketik "Ezkila kantuz"

Aita Ignace Etchehandy Eihalartarra Belokeko beneditarren koro-gidari izana da 35 urtez. Eta Ipar Euskal Herriko parropietako koralentzat kantu hautatzaile eta argitaratzailea da 40 urte huntan. Belokeko “Ezkila” argitaldariaren bidez ditu eliza-kantu ainitz eta ainitz agertu, beren musikarekin. Gaur, altxor hori bildu du “Ezkila kantuz” liburu gotorrean, bere anaia Aita Martzel Etchehandyk kudeatzen duen Biblia elkarteak argitalpena bere gain harturik. Beloken aurkitu dugu Aita Ignace Etchehandy eta bi solas egin ditugu harekin.

 

Ezkila argitaldaria

1950ean sortu zuen Aita Xabier Diharce Iratzeder beneditarrak Ezkila argitaldaria (argitaletxea). Erroak haatik urrunago bilatu behar direla dauku erran Ignace Etchehandyk, Piarres Lafitte apezak 1940eko urteetan euskaldun gazte multxo bat euskarari eta euskaldungoari ideki zuenetik, horietan Iratzeder. Giro berezi horrek sustatu zuen Ezkilaren sortzea, ordukotzat jadanik agertua zela “Kantikak” lana (1948), Aita Gabriel Lerchundik ontua, hau Jerusalemetik etorria. Ordukoak dira ere oihartzun ikaragarria ukan zuten “Euskal Bezperak”, oroituz garai hartan latina zela Elizako hizkuntza ofiziala. Ezkilak argitaratutako lehen obra “Méthode basque pour débutants” (1950) izan zen, Jean-Baptiste Harymbat, Jacques Pons eta Iratzederrek ontua, Bordeleko euskal istudiantek galdeginik. Bigarrena, “Gau Saindua” liburuxka (1952), Pio XII.ak Bazko gaueko elizkizunak berriturik. Geroxeago “Pasionea” (1953), Gabriel Lerchundik eta Iratzederrek antzerki gisa moldatua, hortarik aterako zirela ere bi diska (1955), arrakasta handikoak. 1953an agertu zen ere “Jainko Jaun zerukoa” lehen meza euskaraz, kontzilio aitzinekoa beraz. 1957an, Iratzederrek parte hartu zuen Estrasburgon Frantziako diozesek muntatua zuten liturgia berritzeari buruzko biltzar handian. Hunek hats berri bat eman zien tokiko hizkuntzeri, ondotik Vatikano II. kontzilioak (1962-1965) finkatuko duen aitzin-pausu handia. Eta Iratzederrek “Salmoak” zituen euskaratu (1963), garai hortan alta eri handi zelarik, luzaz etzanik egoitera behartua izanki, begiak tapaturik. “Lan ezin sinetsia, ikaragarria” dio Ignace Etchehandyk. Orduz geroz lerrokatu dira liburu eta diska ainitz, Ezkilaren baitan xinaurri lana eremanik Iratzederrek (1920-2008) eta Gabriel Lerchundik (1908-1995), Juan Urteaga musikagile famatuak (1914-1920) handizki lagundurik. Eta diska ta liburuez bertzalde, kantuak ehunka argitaratu ditu Ezkilak fitxa gisa, parropietako kantoreeri zabalduak izan zaizkienak. Gaur, 62 urteren buruan, Ezkilak bere argitaletxe lana behin betikotz gelditzen du, elkarte gisa aitzina jarraikiz haatik.

 

Entzun hemen Aita Ignace Etchehandy-ren elkarrizketa.

 

 

Ezkila kantuz

Aita Ignace Etchehandy berrogei bat urte huntan ari da eskuz esku lanean parropietako kantoreekin. 1969an sortu zen “Euskal Herriko Koralen Abesbatza” (EHKA) elkartea Uztaritzen, Pierre Andiazabal, Pierre Narbaitz eta bertze batzuren inguruan, bizpahiru edo berdin hiruzpalau bozetako koralak parropietan bultzatzeko xedez. Urte hortan berean egin zen koralen lehen elgarretaratzea Hazparnen, 600 bat kantarirekin. Geroztik urte oroz errepikatu den elgarretaratzea, azkena joan den abendoan Baigorrin. Ignace Etchehandyk 1971n hartu zuen elgarretaratze horien ardura bere gain : egitarauak finkatu, kantuak argitaratu, kantu bakotxarentzat fitxa bat bere musikarekin, kantuen grabaketak ere. Orotara, 1500 kantu baino gehiago, 12 karnetetan sailkatuak. Altxor hori guzia aurkitzen da gaur Lapurdi Irratian bai eta Errenteriako Eresbil musika artxibotegian. Eta Ignace Etchehandyk horien berri ekartzen duen liburua nahi izan du plazaratu, “Ezkila kantuz”. 232 orrialdeko obra, “Ezkila argitaldarian agertu kantika eta salmoen zerrenda, 1950-2010” daukala azpititulutzat. Sar-hitzan, beneditarrak laburbiltzen dauzkigu kantuaren tokia Ipar Euskal Herriko Elizan, Ezkila argitaldariaren urratsak, Iratzeder, G. Lerchundi eta J. Urteagaren ibilbidea, bai eta parropietako koralen elgarretaratzeak. Ondotik agertzen dauku kantika eta salmoen erreferentziala (1000 baino gehiago), zenbakika bai eta alfabetikoki zerrendatuak (autorea, zenbat bozetan, nun aurki). Eta bururatzeko 60 bat kantu polifoniko, beren musika notekin. 600 aletan argitaratu den liburua, oraikotzat kasik guziak koraletako kantarieri eskainiak izan zaizkienak, hauen atsegin handienarentzat.

Peio Jorajuria (Herria aldizkaria baimenarekin).