Omia Saindu 2019 : Roger Etchegaray kardinalaren otoitz bat

Omia Saindu 2019 : Roger Etchegaray kardinalaren otoitz bat

« Saindu izaitea baino errexagorik ez da! Aski da Aitaren ganako bidea hartzea eta Harek eginen du gainerateko guzia. »

Neurrigabeko jende-lerroan... badira, bistan dena, egutegi unibertsalean sailkatu sainduak, eta, lehen lehenik « Maria Saindua », Kristoren ardiespen ederrena (Jainkoaren Semeak ez zezakeen gutiago egin bere Amarentzat). Eta hor daude zerua betetzen duten Omia Sainduko Saindu anonimo guziak... eta badira ere lurreko Sainduak!

Aski duzue zuen inguruan begiratzea! Ihaurri daude Sainduak zuen ondoan, bainan ez ditzazkezue ezagutu.

Begira zazue untsa! Guziz anizkunak dira. Jainkoak ez ditu seriean egiten. Bakotxa da guziz bakarra, jatorrizkoa: eta bizkitartean denak toki berean bizi dira, Jainkoak bere idurira egin jendea dagon tokian.

Begira zazue untsa! Gezurrezko itxura orori uko egiten diote beren bizian, berdin eskapada faltsuari. Heientzat ez dago beren buruaren bururaino zintzoki jotzea baizik, zimardikarik gabe, zinezko gizonak izanez, gizon soilak, zinezko emaztekiak izanez, emazteki soilak.

Begira zazue untsa! Sufrimendu oro ez zaiote arrotza, berdin bekatu oro. Deusetaz ez dira harritzen, guziaz dira xoratzen. Izaitea bera aski zaiote. Imitatzea edo imitatuak izaitea ez zaiote batere axola. Bizia gainezka maite dute, hiltzerainokoan.

Begira zazue untsa! Ibilkariak dira, Jainkoaren ezustearen meneko, jakin gabe, haizearen gisa, nundik joko duen. Beti eta beti gogoan dute Ebanjelioko galdera zaharra: "Zertarako du jendeak mundu guziaren irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu?" (Lk 9, 25).

Begira zazue untsa zuen inguruan... begira zihauren burua, Sainduen herri hortakoak zirezte-eta. Aski duzue "neurrigabeko jende-lerro" horren artera sartzea. Aski duzue bideari lotzea, seme galdua bezala.

Jainkoari ez zaio aski zeruko atean zuen beha egoitea, urrunetik zuen ikustea. Lasterka doa zuen bidera, besoak zabalik zuen luzaz besarkatzera eta musu emaitera (Lk 15, 20). Saindu izaitea baino errexagorik ez da! Aski da Aitaren ganako bidea hartzea eta Harek eginen du gainerateko guzia. Amen.

Roger Etchegaray Kardinalea (1922- 2019)

Itzulpena : Peio Ospital.