Baxenafar-lapurterazko Biblia irakurgailuetan

Baxenafar-lapurterazko Biblia irakurgailuetan

Badakizu, irakurle, baduzula eskumenean Marzel Etchehandy-ren “beneditano” obra: Elizen arteko Biblia lapurtarrez. Eskuliburu gisa aurki dezakezu, interneten kontsultagarri da. Hemendik aitzina eros daiteke irakurgailu, ordenagailu, tauleta eta smartphonetan ezartzeko gisan. Les Editions du Cerf argitaletxeak plazaratu du. Haatik aurkezpenerako zuzenketa batzuk egokitzekoak ditu oraino. 15€tan deskargatzen ahal da saltzaile hauen webguneetarik: Google (Books), Amazone (Kindle), Apple (Ibooks), Fnac (Kobo).

Aita Marzel : "Hamar urtez haurren irakasle egona naiz hemen, Belokeko fraidetxean. Munduko gizon zoriontsuena nintzen. Kezka bat banuen hala ere: “Nork eginen du, Bibliaren itzulpen berri bat Iparraldean?" Euskara batua guti aipatzen zen. Arantzazuko bilkura, 68koa, etzen egina oraino. Beneditanoek ez badute egiten nork eginen du? Azken itzulpena 1865koa zen, Duvoisinena. Lehen urratsa iduritzen zitzaitan zela Bibliako hizkuntzak ikastea. Adiskide handi bat banuen Belgikan, Steeman, erran zautan “molde bat baizik ez da hebrearra ikasteko: Israelera joan behar duzu! Ulpan eskola batetara!”. Hala egin nuen. Hebrearra ikasten aritu nintzen sei hilabetez, zortzi ordu egunean. Gero joan nintzan Kibbutz batetara, hilabete bat et’erdiz. Bi urte galdegina nazkon Inda Abadeari: sei hilabete hebrearra ikasteko eta urte bat et’erdi Jerusalemeko Biblia eskolan ikasketak egiteko. Kibbutzetik landa eskola hortara hurbildu nintzen. “Ze formakuntza duzu Biblian? –Horren bila heldu naiz. –Hemen tesiak egiten dira; zuk behar duzu lehenik Erromako Institut Biblique Pontifical hortarik pasatu.” Bainan Erromako institutu hortan etzen sartzen ahal teologiako lizentziarik gabe. Joan nintzen beraz Estrasburgora, 1968an. Lizentzia pasatu eta joan nintzen Erromara, hiru urtez. Gero, hasi nintzan itzulpen lanetan, orduko itzul modua baliatuz, historikokritikoa. Lau liburu egin nituen; nihaurek egiten nuen salmenta, 1000 aletarik 850 saldu nituen. Lanak iraun zituen urteak eta urteak. Historiko-kritiko metodoarekin, kasik bertset guzietan oharrak badira… Gero, arras aldatu zen metodoa, protestanteen eraginpean. Hautua zen: testuari leial izan edo jendeak lehen kolpean ulertzeko gisan itzuli. Irakurleak ez badu ulertzen Jainkoak erraten duena ez du balio itzultzea... Orduan dena berriz hasi nuen. Euskaltzaindiak arau berri batzu sartu zituelarik 1994an berriz kurritu nuen dena..”.Euskara batuzko Biblia agertu zeneko Bibliaren lauetarik hiru itzuliak nituen. Hala ere lana segitu nuen ber moldean, erran nahi baita, Bibliako jatorrizko testu greko eta hebrearrak itzuliz, begien aitzinean nituela bospasei Biblia, hauen artean euskara batuzkoa. Itzultzaile guziak hola aritzen dira. Osty, frantsesezko bibliari hoberenak zion zortzi erabili zituela. Noiztenka nire euskarak eta batuak badute elkarren eite handia. Nola ez? Aldiz, erran behar dut “sarrera” guziak euskara batuzko Bibliatik hartu ditudala. Sarrerak beharrezkoak dira erabilgarria izan dadin liburu gotor hori…”

Beraz, jatorrizko testuetarik abiaturik itzuli du Biblia Martzel Etchehandyk, baxenabartarrek eta lapurtarrek beharrirat hain goxo duten mintzaira hortara, hots, Herria kazeta hunen euskarara. Berak dio 25 urtez erabiliko dela Biblia hori, eta gero, belaunaldi berriek hartuko dutela batuaz egina. Badaiteke, baina entzuna dugu Hegoaldeko zonbaitek nahiago dutela Etchehandyrena. Guk ere. Bihotzez eskerrik anitx zuri Aita Martzel.

Mandio, Herria astekarian, 2019-11-14.

1c0ae2205709722b62e843abc0471a55_M.jpg

 
 
 
 
Idekitzeko, klik egizu liburuaren gainean.
Gero, jakiteko nola aurki bilatzen duzuna klik egizu pundu urdin horren gainean.
Dena garbiki esplikatua zaizu.