2019. Eguberriko mezua - Marc Aillet jaun apezpikua : amodioa eta ahulezia

2019. Eguberriko mezua - Marc Aillet jaun apezpikua : amodioa eta ahulezia

 Denak ahul sortzen gira. Gure amaren baitan abiatu gira deus bezala, emeki emeki ixiltasunean haunditzen hasi, mundurat sortzerainokoan. Bainan abiamen hortan zen gure geroko izaite guzia. Gero bilhakatu giren guzia, gorputz eta arima, abiamen hortan ikusten ahal zen AND-ren bidez, jende bat bere nortasunarekin, libroki amodioz bere buruaren bertzentzat emaiteko ahalarekin. Bertzalde hiltzen gira ahul, bertzen eskuko, eta bizkitartean, ahulezia horrek dauku emanen hil ondoan bertze bizi bat hobea, hiltzeko ponduan izan ondoan, oraiko bizirat berriz jin ondoan, zonbaitek erran baitaukute hori senditu dutela. Hola esperantza emaiten baitute oraiko jender, hoinbertzek uste baitute, hil ondoan deusik ez dela.

            Guri erakusteko zertako giren mundu huntan, eta zoin haundia den gure bokazionea, Jainkoa bera gizon egin da, ama Birjinaren sabelean sortu da, osoki ahul, eta ahulezia hortan zen gure gizontasunaren geroa, Jondoni Matiuren Ebanjelioan irakurtzen dugun bezala: Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta erran zion: Josep Daviden ondokoa, ez beldur izan, Maria zeure emaztea zeurekin hartzeko, haren baitan sortua Izpiritu Sainduaren ganik baita. Semea ukanen du eta Jesus emanen diozu izena, harek baitu bere herria salbatuko bere bekatuetarik.  (Mt 1, 20-21)  Eta gure salbatzeko sekulan baino ahulago bilhakatu da bere pasionean eta kurutzean hiltzean. Bainan haren herioak eman dauku betiereko bizia eta piztea, Jondoni Paulok Filipeko girixtinoer erraiten zuen bezala : Apaldu da hiltzeraino obedituz, kurutzean hiltzeraino. Hortakotz denen gainetik goratu du Jainkoak, eta izen guzietan gorena eman dio.    (Ph 2, 8-9)

            Mundu huntako nagusiek, beren podore eta jakitater esker bertzeak zapatzen dituzte, Jainkoaren axolarik gabe eta beren bortizkeriak emendatuz. Beren jakitateen bidez, eta beren irabazbideen emendatzeko, nahi dituzte  desegin ahul eta ttipiak, lehen lehenik sortzerat uzten ez dituzten haurrak edo aitarik gabe ezartzen dituztenak. Nork orhoitaraziko diote, berak ere ez deus sortu direla eta ez deus hilen ?

            Ikus dezagun zer dion San Luken Ebanjelioak, Jesusen sortzeaz: Betleemen zirelarik, haur-ukaiteko egunak bete zitzaizkion, eta bere lehen-semea ukan zuen ; troxatu eta otalako batean ezarri zuen, tokirik ez baitzen heientzat ostatuan.  (Lc 2, 7)   Hor ikusten dugu Jesusen ahulezia, sortzetik gurutzean hiltzerainokoan berak goretsiko duena. Bainan ahulezia hori hartzen zuen, herioa baino azkarrago den amodioarekin. Jondoni Joanik bere Ebanjelioan dio : Bazko-besta hurbil zen. Jesusek bazakien mundu huntarik Aitaren ganat pasatzeko ordua etorria zuela. Munduan diren bereak, maite ukan zituenak, azken bururaino maitatu zituen.   (Jn 13, 1)

            Gizona itxuraldatua izan da, gizon eta emazte zonbaiten bidez. Hala nola Jérôme Lejeune, Jainkoaren zerbitzari handia, Trisomie 21, eritasuna, nundik heldu den kausitu duena eta hanitz eri hortarik sendotzen lagundu dituena.  Holako gizon eta emazte zonbaitek gure bizia hobeki ezarri daukute, beren amodioarekin. Horren lekuko naiz. Zozietate bat Jainkoak nahi bezalakoa da, ttipi eta ahulen azkartzea eta heien nortasunaren altxatzea, xerkatzen duelarik. Ttipiek daukute erakusten zer den maitatzea, Frantses aita nsainduak gutun batean erraiten duen bezala : Eguberriz Betelemen sortuz, Jainkoak berak abiatu du mundu huntan, egiazko itzulpen handi bat, esperantza eta nortasun emanez bazterrerat utzier. Jesusek deitu gaitu indar ezti batekin, ttipien maitatzerat elgarren amodioan, nehor ez dadin bazterrerat utzirik ian.

            Ezin bertzean gira, handien eskuko girela uste izanez, zer nahi sofrimen eta jazartze, handiak handiago ttipiak ttipiago, hauk hasarretuak, iraultzapen batentzat prest.

            Haatik Elizak beti orhoitarazten dauku Eguberriko Berri Ona, bozkariatu behar gaituena, artzainak bozkariatu zituen bezala : Aingeruak erran zioten : Ez beldurrik izan, Berrion bat mezutzen dautzuet, herri osoa bozkariatuko duena. Salbatzaile bat, Mesias Jauna, sortu zaizue gaurDaviden herrian. Eta huna seinalea : sortu berri bat aurkituko duzue, troxatua eta otalako batean etzana.   

            2019-eko Eguberri huntan, Jesus hori, gure artean eta gure gogoetetan izanen dea ?

 

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar eta Oloroneko apezpikua.

  • Mezua entzuteko :

 

Eguberriko mezua erdaraz : message en français.