Bazko mezua 2020 Marc Aillet Jaun Apezpikua

Bazko mezua 2020 Marc Aillet Jaun Apezpikua

Kristo garraile da !

Aurten girixtinoek pasatuko dute Bazkoko besta usaian ez bezala, zonbaitek sofrituko ere dute. Lehen aldikotz coronavirus horrek ekartzen duen izurritearen gatik, ez gira gure elizetan elgarretaratzen ahalko. Katolikoek nahi dute gobernamenduko buruzagier obeditu, jende guzier galdatzen dutena, denen onetan baita, ahulenik direnen zaintzeko, eta eriez arta hartzen duten guzien laguntzeko, ezinbertzerainokoan, ahal duten guzia egiten baitute, ospitaletan eta kliniketan.

Horrengatik, Bazkoko bozkarioak irriskatzen du ezeztatzea, egun oroz soportatu behar ditugun desterruen gatik. Lehenik pentsatzen dut erier, eta heien familier, zonbait aldiz uste gabeko eritasunen gaizkitze handiak edo heriotzeak baitira. Gero pentsatzen dut erien artatzailer, ahal duten guzia egiten baitute. Ez ditugu ahantzi behar, jenden beharrune berezientzat hanitz egiten dutenak, horiek ez baitira hainbertze aipatuak : eskola emaileak, beren lana jarraikitzen baitute, telebixtaren edo telefonen bidez, edo beren eskoletan hartuz, erien artatzaileen haurrak ; poliza eta jandarmeak, hanitz egiten baitute gobernamenduko manuen errespetarazteko, esker gaxto hanitz jasanez, eri eta hiltze gutiago izan dadin ; laborariak, kamiunen gidatzaileak eta salerospenetako ofizioa dutenak, karrika garbizaileak et ondarkin biltzaileak, hori ere eri eta ahulen onetan baita… Pentsatzen dut ere jende gehiener, confinement hortako legeer artoski jarraikitzen baitira, zonbait aldiz gaitz balinbada ere. Katolikoek otoitz egiten dute bihotz bihotzetik beren etxetan, erakutsiz hola beren atxikimendua erier eta heien familier, holaxet ahal dutena eginez horien artatzaileen laguntzeko : ez dut dudarik, otoitz kartsu horiek ixiltasunean Jainkoaren bihotza hunkitzen dutela, eta hunkitzen laguntza eta kuraia beharrenik dutenen bihotz barneak.

Odei beltzeenen bazterretik ere argitasun zonbait agertzen dira. Hala nola oraiko nahigabe handiak eman du han eta hemen bertzen zerbitzuko plantatzeko idera : hanizak hasi dira beharrunanten laguntzen ; badira elgarretaratu direnak gobernamenduaren huts zonbaiten antolatzeko. Frantses Aita sainduak, Erramuko predikuan deitzen ditu horiek jende harrigarriak, « Adixkide maiteak beha zirezte, egiazko jende harrigarri horier : ez dira fama handikoak, diru eta arrakasta dutenak, bainan beren burua bertzen zerbitzuko ezartzen dutenak. »

Apezak ez dira gutiago lanean ari : ez badituzte ere fededunak elizetan biltzen ahal, heiekin kurutzatzen dira, bereziki adin handian eta bakartasunean direnekin. Egun guziez meza emaiten dute, sekulan baino gehiago sendituz Jesu Kristorekin bat direla, Hebrearren letrak dion bezala : « Horrengatik salbamendu betea eman dezokete haren bidez Jainkoarenganat hurbiltzen direneri, beti bizirik baitago heien alde otoitz egiteko. » (He 7, 25). Confinement horrek ahal gintuen elgarretarik berexten, bainan kontrarioa da gertatzen. Elizan fededunak elgarri hobeki lotzen dira oraiko telebixta internet eta bertze tresna berrieri esker, hola ahal dira urrunetik jarraikitzen, mezak, otoitz, katixima eta erakaspen hanitz, eta uste baino gehiago horier behatzen dira. Gogoan dut bereziki, martxoaren 27an, Frantses Aita sainduak eman duen zeremonia hunkigarria, Jondoni Petriren plaza handia hutsik zen, bainan baziren miliunak mundu guzian horri beha zaudenak, telebixta, internet eta bertze tresnen bidez.

Bazkori hurbiltzen girelarik, oraiko nahigabe handi huntan, behar gira sekulan baino gehiago aurten, Jesusen pasioneari juntatu, hobeki ulertzeko zertako den desterru hori. Jainko guzialtsuak uzten bagaitu desterru hortan, badakigu preseski, gaizkiaren bidez nahi dituela ongi handiagoak ateratu, hortako aski on eta ahaltsu baita ! Aita sainduak, Ebanjelioko ekaitzaren jabaltzearen gainetik erraiten zuena har dezagun gogoan : « Garizuma huntan Jauna, entzun dezagun zure dei kartsua : « Bainan ordu da oraino – hala dio Jaunak. Itzul zaitezte nere ganat bihotz bihotzez, barur, nigar eta auhenka ». (Jl 2,12). Jauna deitzen gaitutzu desterru hunen hartzerat, baitezpadako denbora bat bezala, gure bizi guzian Jainkoaren eta bertzen alderako bidearen hartzeko » (Martxoko 27ko gogoeta).

Oraiko jendek jakinen dutea erakaspen horien behar bezala hartzen ? Oraiko biziaren eta munduaren pentsatzeko manerak dira osoki kanbiatu behar. Oraiko jakitatearen eta teknikaren aintzinatze handier esker, uste ginuen denetan nausi izaitea, herioa ere beti urruntzea, ezeztatzea, ez baitzen hori gehiago aipatzen ere, bainan horra nun uste gabeko coronavirus deitu hazi gaxto batek, aise eta bortizki hedatzen denak, desegin duen amets hori eta ez dugu gehiago herioa baizik gogoan. Mundu guziaren urustasuna, politika eta diruaren bidez egitea zen gogoan, erresuma guzien geroa hortan zela, bainan horrek ezartzen zuen mundu guzian, merkatu handi bat bezala, zointan ez baitzen abantailik jakintsun eta boteretsu bakar zunbaitentzat baizik. Bainan hortan ez da gehiago esperantzarik eta hor agertzen dira sekulan baino hobeki, aberatsen eta ahulen arteko desberdinkeriak. Zerbait balio dutenak eta mozkin emanen dutenak baizik ez badira konda, ondarkinez bete mundu bat izanen da eta munduan ezarriko da aita sainduak erdaraz deitzen duena : La culture du déchet. Jendea sortzetik hiltzeraino ez da errespetatua izanen, eta hanitzak ez dira bizitzen ahalko. Ez ote dugu Jainkoaren ganat itzuli behar bihotz bihotzetik.

Mundu guzia pekoz gora ezartzen duen eritasun horrekin behar dugu eztikiago bizitzen ikasi eta hortako Bazkoz Jainkoak erakusten dauku gurekin dela. Haren amodioa galdua ginuen hura utziz, bainan harek ez gaitu hiltzerat uzten. Jesu Kristo Jainkoaren semea, gizon egin da, Ama Birjinaren baitan Izpiritu sainduaren bidez, gure gizontasuna bere baitan hartu du, bere sofrikario mota guziekin, bekatua salbu bertze guziekin. Guri etorriko zaukun hiltzea ere hartu du, bainan arrapiztuz herioa desegin du eta gure bizia berritu. Konfientziarekin itzul gaiten hari buruz. Aita sainduak erraiten daukun bezala : Jesusen dizipuek bezala ikus dezagun harekin bagira itsas untzian, ez girela sekulan urperat joanen. Galda dezagun Jesus Jaunari gure fedea arrapitz dezan. Gure esperantza nahi dugu oroer iragan. Jesu Kristo egiazki piztu da, Alleluia !

Bazko saindu bat iragan ezazue bozkarioan !

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpikua.

Mezua entzuteko :