Pierre Andiazabal jaun kalonjea zendu da

Pierre Andiazabal jaun kalonjea zendu da

Pierre Andiazabal jaun kalonjea zendu da 2020. maiatzaren 16an Kanboko “Arditeya” erretreta-etxean.

Izurrite garai huntan, ehorzketa elizkizuna iraganen da maiatzaren 20an, asteazkenez, Urruñako elizan, goizeko 10.30etan, familia artean.

Har dezala Jaun Goikoak bere sahetsean, bere bakezko argi betean.

Pierre ANDIAZABAL

Urruñan sortua 1923ko urtarrilaren 18an;

apez ordenatua 1947ko ekainaren 22an;

bikario-erakasle Hazparnen 1947ko agorrilaren 29an;

Uztaritzeko Semenario Ttipian erakasle 1953ko agorrilaren 3an;

Elizbarruti arteko Semenarioaren administratzaile eta Baionako Elizbarruti Etxearen arduradun 1979ko ekainaren 6an;

Katedral Kapitulu Ohoragarria kontsultatu eta gero, Baionako Katedraleko kalonje tituludun izendatua 1994ko apirilaren 20ean;

Katedral Elizako Barkamendu Emaile-orde izendatua 1995eko urriaren 4an;

Elizbarruti-Agerkariaren buru izendatua 1998ko apirilaren 22an;

Euskaltzain Urgazle 1964eko urriaren 30ean;

Ohorezko Euskaltzain izendatua 2000ko urriaren 27an;

Kanboko Arditeya Erretreta Etxean erretreta hartzera onartua 2015eko buruilaren 1ean;

2020eko maiatzaren 16an, larunbatez, zendua.

 

Pierre Andiazabal kalonjearen heriotza dela eta, Baionako Elizak Jaunaren mahastizain ezin akituzko bat galtzen du, baita ere euskarazko liturgiaren bultzatzaile eta bideratzaile nagusienetarik bat Batikanoko II. Kontzilioaren ildotik.

1964az geroztik gaur arte, Pierre Andiazabal kalonjea izan da liturgiaren euskaratze lan erraldoiaren egile nagusia gure elizbarrutian eta hunen ordezkaria Hegoaldeko elizbarrutien artean euskarazko liturgiaren Elizbarruti arteko Batzordean. Bera joan ezinean izanik, bere familiak bere izenean eskuratu zuen Euskaltzaindiaren ohorezko ezaugarria Bilbon 2019ko martxoaren 28an: hemen ikusi.

Bere idazlan argitaratuak:

  • Meza denborako deiak (1961).
  • Igandetako eta bestetako salmo-leloak (1974).
  • Igandetan Elizan, parropientzat egin bilduma, hainbat aldiz berargitaratua 1968a eta 1988a artean.
  • Mezetako deiak (1986-1988).
  • Kantikak (1988), euskarazko kantiken hitz bilduma.
  • Euskarazko kantiken partitura bilduma organolarientzat.

Andiazabal Kalonjea KANTA JAUNARI Euskal Herriko parropi abesbatzen Batzordeko kidea zen.

Hainbat artikulu agertarazi ditu HERRIA astekarian eta LAPURDI IRRATIAren lehen orduko laguntzailea izan da: 1992tik 2015a arte, euskarazko kronika bat astero bermatzen zuen erlijioneari doazkion gaietaz: Biblia, mezaren ospakizuna, Batikanoko II. Kontzilioa; Euskal Herriko sainduak.

Euskal Telebistatik zabaldu euskarazko mezen arduradun eta ordezkari izan da hogei bat urtez Baionako elizbarrutiarentzat 1990az geroztik.

GOGOETA ASTEA (kristau pentsamendurako lekua) 1984ean bideratu zuen taldearen sortzailetarik izan zen eta hogeita bost bat urtez animatzailea ere.

Ondoz ondoko apezpikuen mezuen itzultzailetarik bat izan da urte anitzez.

Milesker Jaun Kalonjea. Har dezala Jaun Goikoak bere sahetsean, bere bakezko argi betean. 

  • 2000 urtean, Maite Déliart-ek Pierre Andiazabal galdezkatu zuen LAPURDI IRRATIAn Batikanoko II. Kontzilioak bideratu liturgiaren erreformaz eta tokiko hizkuntzeri liturgian egin tokiaz :

- Entzun lehen partea.

- Entzun bigarren partea.

 

Beloken 1964 urtean : Iratzeder ; Marcel Etchehandy ; Emile Larre eta Pierre Andiazabal.

 

 Baionako elizbarrutiaren beila Arantzazun 2012. uztailaren 14ean.