2021. Bazko mezua

2021. Bazko mezua

Aurten, Bazko egunetako bestak ospatzen ahalko ditugu, oraino hertsaturik, bainan jaz baino aiseago, ez baiginen elgarretaratu ahal izan. Gure zuzendariek ulertu dukete otoitz egiteko askatasuna funtsezkoa dela herritarrentzat, eta fededunak osasun neurrien errespetatzeko gai direla gure otoitz lekuetan.

Erieri eta heien familieri doa lehenik nere gogoa, Covid izurrite horren gatik heriotzak hunkiak direnak, bai eta eri artatzaile guzieri, eritasun horren aurka borrokatzen dutenak, beste eritasun guziak bazterrerat utzi gabe. Ez ditut ahanzten ere krisia horren « ondoriozko biktimak », kopuru handiagoan baitira : komertsantak, ostalerrak, kultura mundukoak, bakartasunean eta urruneko irakaskuntzan akituak diren istudiantak, gerota gehiago prekaritatean direnak, estresa eta depresioan diren herritarrak, sozial heriotza egoera beldurgarriak. Heientzat otoitz eginen dugu partikulazki, ortzirale saindu huntan, Kristoren Pasione eta heriotza ospatuko ditugularik, hor baita gertatu Paul Claudel idazleak zioena :  “Jainkoa ez da mundu huntarat etorri sofrikarioaren ezeztatzerat, ez eta ere esplikatzerat, bainan bai horien erdian osoki izaiterat”. Misteriozki hor izanen da gurutzefikatuari federekin so eginen dutenen baitan, eta heien sofrikarioan sustengatuko dituztenen baitan.

Ez ditugu ahantziko Elizan sexual abusuen biktimak, egun hauetan Frantziako apezpikuek erabaki batzu sinatu dituzte gure Eliza « etxe segura » izan dadin. Biktima horiek, beren bizia azkarki errautsia izan ondoan, behar dute segur izan gure erantzukineri buru eginen diegula holako abusuetarik beiratzeko eta hoien ezeztatzeko. Partikulazki justizia zibila eta kanonikoari dei eginez, eta biktimak lagunduz gizatasun eta izpiritualtasunez berriz xutitzen. Kristo hil eta piztuari gomendatuko ditugu, segur baigira bere heriotzaz herioa suntsitu duela, eta bere pizteaz, bizia berritu ! Baruraren bidez ere, Kristok bekatorosen gatik, gurutzearen puntan eskaini duen sakrifizioari juntatuko gira, hura baita hobendunentzat kondenatu hobengabea !

Bazko besta, esperantzazko mezu bat da denentzat. Herioa garaituz eta hirugarren egunean piztuz, Jesusek arteka bat ideki du mundu hetsi huntan: Jainkoari uko eginez eta bere xilkoari begiratuz, gure gizarteak geroaren gustua bai eta ere biziaren zentzua galtzen baiditu.  Jesus berpiztuak, herioa garaituz, eman diezagula indar eta kontsolazione gure atsegabetan, eta bere bake eta graziaz bete gaitzala, heldu diren hilabeteetan lasaiki sartzeko !

Bazko besta saindu eta alaia zueri !

+ Marc Aillet, Baiona, Lezkar eta Olorongo apezpikua.

Mezua entzuteko :

Lire le message en français.