Euskaldunen beila 2014. uztailaren 14ean : Iñaki Loiola-koari Euskaldunek agur !

Euskaldunen beila 2014. uztailaren 14ean : Iñaki Loiola-koari Euskaldunek agur !

Zer debozione, zer kartsutasun, azpimarratzea balio baitu, ez zen astelehenean Loiola-n santutegiko basilikan Ipar euskal herriko 500 bat beilarik egin duten fedezko urratsean. 

Alde orotarik autobusetan etorriak ziren geienak eta mezaren tenorea aintzin eliza oso betea hasi da Iñaki sainduari otoitz eta kantu. 

Meza bat guziz ederra, 20 bat apez lagun, Jean Mixel Barnetche Uztaritzeko erretorak ereman duena.

Bere mintzaldian ez ditu ahantzi azken egun hotan uholdeak jo familiak; ez dira ere ahantziak izan fededunen otoitzean.

Aro hitsa bazen goiz aldean, meza bukaeran ateri zen iguzkiaren ager batzuekin.

Eliz aintzineko parkean goxotasun eta anaitasun sendi zen bazkari denboran, kantu zonbait airatzen zirela akordeoi bat lagun.

Lauak aintzin jendea bildu da berriz basilikara bezperen kantatzeko, salmo, himno, otoitz, Inaki sainduari otoitz berezia Mikel Erramouspe-k gitaran lagundurik eta Jean Mixel-ek emanik sakramendu sainduaren benedizionearekin bukatu direnak.

Eskerrak kantu gidari  Alexandre Aguerre-ri, organo joile Iban Erguy-ri, eta Bastien Uranga tronpetariari.

Egunaz jendea loriatua gelditu da, geienak berriz etortzeko asmoarekin. 

Uztaritzetik, Beñat Soulé.

 

Entzun Jean-Michel Barnetche apezaren predikua :


Jean-Michel Barnetche apezaren predikua :

« Zoazte ! »  Ebanjelio huntan, Jesusek erran hitz azkarrena : ZOAZTE ! Biblian hainbeste aldiz agertzen den deia : Abrahami, Moisi, Jeremiri eta profeta guzieri Jainkoak eman zioten dei bera : zoazte ! Dei horrek ez ditu deituak jarririk utzi : Abraham joan zen Jaunak erakutsi lurralderat ; Mois abiatu zen eta Egiptotik bere populua libratu ; Jeremi xutitu zen eta Jainkoaren hitza predikatu. Gu ere joan gira goiz huntan : beilariaren lehen marka hori da, xutitzea, joaitea, kurritzea, Jainkoaren hitza entzunik  edo hura entzuteko. Inaki sainduak ere zer egin zuen : bere belaun xintxikatua sendatu orduko, bidean berriz partitu zen, Jerusalemerat buruz, ez gehiago lehen bezala armada gudari, bainan bai Jesusen gudari, Jainkoaren erreinuko gudari.

Jesusek hiruetan hogoi ta hamabi dizipulu igorri zituen beraz, 36 predikari talde, erranez « Uzta nasaia da, eta langileak guti ! »

Uzta nasaia dela erraiten dauku beraz ! Hori biziki eder zauku  Uzta – ilan baigira, uztaren hilabetean. Laborariek sasoin huntan selauruak bazkaz beteak dituzte … Bainan nola ez orroit ere egun hauetan Errobi ibaiaren bazterretan, edo Baztango erreketan, beren urteko uzta galdu duten guzietaz.

Bainan Jesusek uzta aipatzen duenean, besterik ere aipatu nahi dauku. Uzta badenean, norbaitek hazia erein du ! Jainkoaren lana da lur huntan amodio eta fedearen haziak ereitea: Bizi giren mundu hau, bizi giren Euskal Herri hau, gure Jainkoak iraulia du eta ereina, gizonentzat lur on bilaka dadin. Bake haziak, amodio haziak, elkartasun haziak erein ditu gizonen bihotzetan, guk artatu behar ditugunak, guk artoski bildu behar ditugunak: Hor dago Jainkoaren erreinua, guk besotaraka bil dezakeguna.

Sobera usu entzuten da mundu hunek ez duela zentzurik, batzuk balore guziak galduak dituztela, eta bertzek bizi nahirik ez ! Eta bertzela behatzen baginu gure mundu hau ! Ikusten baginitu bakearen lortzeko herriek egiten dituzten urrats eta indarrak ! Ikusten baginitu uholde izigarri hoien ondotik segidan eskuin eta ezker agertu diren laguntzaileak, garbiketa lan batzu, edo mila moldez laguntzeko xutitu direnak ! Bai uzta nasaia da, eta gu gira denak uzta horren biltzerat deitu langileak ! Ez gaiten belar tzar eta otsoez grina, bozkaria gaiten uzta nasaiaren gatik !

Loiolako Inaki, eta haren ondotik abiatu diren Jesuita guziek, heietan barne Frantxoa gure Aita Saindua, etengabe Misione horri lotu dira, laguntzat harturik, ez moltsa, ez zaku, ez oinetakorik, bainan bakarrik Ebanjelioaren Poza.

Gu ere, heien pare, beila huntarik itzul gaiten etxerat, bihotzean atxikiz segurtamena Jainkoak mundu huntan erein haziak uzta nasaia emaiten duela, eta gure gogoan haren langile jarraiki izaiteko gogoarekin. AMEN. 

Entzun Iñakiren otoitza :

Huna ni Jauna
har ene askatasuna
Ene orroitmen
ene adimen osoa
Har nik dudan guzia
Eta enea den dena
Zuri dut Jauna dut bihurtzen
Dena zurea da egizu denetan
Nahi duzuna
Emazu zure maitasun eta grazia
Horiekin baduket nahikoa.

Prends, Seigneur,
et reçois toute ma liberté,
ma mémoire, mon intelligence et toute ma volonté,
tout ce que j’ai, tout ce que je possède.
Tu me l’as donné, à toi, Seigneur, je le rends.
Tout est à toi.
Disposes-en selon ton entière volonté.
Donne-moi ton amour et ta grâce,
c’est tout ce qu’il me faut.

 

ARGAZKI GUZIAK IKUSTEKO HEMEN.