Ibar San Mixel Garikoitzen Beila : "Berri Onaren bozkarioa"

Ibar San Mixel Garikoitzen Beila : "Berri Onaren bozkarioa"

Huna Frantxua Garat apeza eman duen gogoetaldiak Ibarreko beilan 2014. agorrilaren 27an arratsaldeko elizkizunetan.

 

 

 

 

 

 

« ARGIAREN BIDEA »... « BERRI ONAREN BOZKARIOA »

Duela zonbait urte, lotzen ginen Aterbe huntarik abiatuz, Garakotxerat eremaiten gaituen bideari, « Kurutzearen bidea » eginez.

Bainan bide huni lotu behar duguia Kurutzearen bidea egiteko ?

Ba du orai 15 urte, urte guziez nere bakantzak hartzen ditut Konpostelako Santiagorat eremaiten gaituzten bideetan. Zatiz zati egiten ditut, urtean bana beste 300 kilometro, bakarrik, zakua bizkarrean.

Aurten lotu naiz Portugalen, Lisboatik Santiagorat abiatzen den bideari.

Fatiman, beilarien aterbean gertatu naiz, Panamako (Panama erdialdeko Ameriketan da) apez batekin. Zangoak pintzez betea, etzitaken gehiago abantza. Solastatu dugu zoin ziren bakotxaren arrazoinak Konpostelako bideari lotzeko.

Erran daut : « Bide hori eginez, kurutzearen bidea egiten dut. »

Ez nintzen batere ados bere ikus moldearekin.

Ez dugu beila bide bati lotu behar gure kurutzearen bidea egiteko.

Ez dugu Ibarreko beila egite beharrik, ez eta Konpostelako beila edo Jerusalemeko beila, edo Erromako beila egite beharrik kurutzearen bidea egiteko.

Asko pasione, asko kurutzearen bide bizi ditugu etxean berean.

 

Gogoan ditugu aitatxi-amatxi batzuk bizi dituzten griñak ikusiz beren gazteen familia batzu nola desegiten diren, ondorioak haurrek jasaiten dituztelarik .

Gogoan dugu, presuna batzuk nola borrokatzen duten, gorputzean min-bizia, zonbait urtez lo egon ondoan berriz lotzen delarik, gorputz osoa hartuz. Zer borrokak ?

Gogoan ditugu eri batzu beren oheari itzatuak direnak. Etxekoek gau eta egun segitzen dituztela, heiekin bide egiten dutela, heiekin oraino kausitzen beren bihotz barnean ihardokitzeko indarrak.

Gogoan ditugu Baigorriko balean, Garaziko eskualdean, Oztibarren, joanden uztailean, azken uholdek egin desmasiak, kolpatu familiak, suntsitu lantegiak eta etxaldeak.

Gogoan dugu azken 3 urte hautan Euskaldunek eremaiten dugun bide luzea, bake bideari lotuz. Armen ixiltzea ez baita bakea. Bide hortan iraun behar dugu elgarrekin, orhoituz zer jasaiten duten presoek eta horien familiek.

Gogoan dugu, azken hilabete hautan, Iraken giristinoek, Yésidiek eta besta talde batzuk bizi duten kurutzearen bidea.

Gogoan Baionako diosesan, Eliza barnean bizi ditugun eztabadak.

Bakotxak ikus dezake zer kurutzearen bidea egiten duen bere bizi tokian.

 

Arratsalde huntan, kurutze bide horiek guziak gogoan ditugu, Garakotxerat eremanen gaituen bideari lotuz. Ez ditugu baztertzen ahal. Laparra bezala gure izaiteari lotuak dauzkagu.

Orduan beraz zer bide eginen dugu.

Fatiman badago kapera bat deitua « Argiaren bidearen kapera ». Han gogorat jintzaut, Ibarren eginen ginuela ez « Kurutzearen Bidea » bainan  « Argiaren Bidea ».

Bai proposatzen dautzuet egitea « Argiaren bidea », bakotxak orduan ikusten ahalko ditu, bizi duen kurutzearen bidean, zer argi pindar bizi dituen. Ikusten ahalko kurutze hortarik zer argi sortzen den.

Egin dezagun beraz bide hau izpiritu hortan. Eta hola bide hau eta bizi ditugun kurutzearen bideak, arinkiago jasanen ditugu.

Bide hunek eremanen gaitu Garakotxean 1797-ko apirilaren 15ean sortu zen argiari buruz, mundu guzian, gordezka ukhan zuen bataioak eman indarrari hedatuko dena. Eremanen Mixel Garikoitzi buruz

 

Bide hori egiteko, gure gogo-bihotzen hazkurri hartuko dugu « Berri Onaren Bozkarioa »

Jaz, 2013eko azaroaren 24an, Frantses aita sainduak, Frantsez zerbitzarien zerbitzariak, idatzi du « Evangelii gaudium » euskaraz itzultzen duguna « Berri Onaren bozkarioa edo poza ».

Arratsalde huntako gogoeten iturria hor dugu beraz « Berri Onaren Bozkarioa ».

Jakiteko noiz diren Frantses Aita Sainduaren solasak,

eta noiz Frantxua apezaren solasak erranen dautzuet. Ez zirezten gal gogoetetan.

 

Berri on batek ez duea berenez bozkarioa sortzen ? Ez dea poz iturri ?

Ona delakotz eta beraz idurikatzen ginuen zerbaiti erantzun bat ekartzen duelakotz.

Ez gaiten estona beraz Jesusek ekarri daukun Berria, ez bakarrik bere solasetan bainan ere bere ekintzetan, Berri on bat balin bada, Berri ona balinbada.

Mendeak barna zonbat emazten eta gizonen bihotzak ez ditu hunki Berri On horrek edozoin adinetakoen bihotzak, edozoin kulturetakoenen bihotzak.

Berri on horrek bere denboran hunki du Garakotxeko Mixelen ait’amen bihotza, hunki Garakotxeko Mixelen bihotza. Zerbait oiarzun ukhan du bihotz horietan.

 

« Berri Onaren Bozkarioa »-ko lehen lerroek berek ekartzen daukute bihotz barnerat berotasun bat. Ez gaituzte hoz-hotza uzten. Huna lehen lerro horiek,

Frantses Aita Saindua  mintzo :

« Berri Onaren bozkarioak, Jesus kausitzen dutenen bihotza eta bizi osoa betetzen ditu. Jesusen medioz beren burua salbatzerat uzten dutenak, bekatutik, ilunduratik, bihotz barneko hutsetik, bakartasunetik libratuak dira Jesu-Kristorekin bozkarioa pizten eta arrapizten da beti. »

Frantxua apeza : Bai bozkarioa da fededunen marka berezia.

Erraiten ahal dugu, fededunen, girixtinoen sor-marka.

Zonbat aldiz apez batzuk ez dugu entzuten : « Nun duzu kurutzea » apez zirela seinale ? Ezagutu behar gaituzte izan apez, serora, fraide, laiko, bataiatu guziak, ez papoan agerian ezarria dugun kurutzeari esker, edo lepo xuri inguruan zintzilik ditugun medeler esker, edo ez eskuetan erabiltzen ditugun arrosorioer esker.

Zonbaitek uste dute, duela 2 mendeko elizkizunetako jantziak ateratuz, horiek bizkarrean ibiliz, batzutan jantzi beldurgarriak direla, uste bozkarioa sortzen dutela.

Ezagutu behar gaituzte bataiatu guziak bozkarioak gure begiak, gure soa betetzen duelakotz. Gure begitartea osoki argitzen duelakotz.

Bozkario horrek esperantza dauka hazkurri.

Bozkario horrek konfientzia dauka hazkurri.

Badakigu bozkario hori gure baitan izaiten ahal dugula sofrikario, neke edo makurrekin. Bozkario horrek bere bidean kurutzatzen ditu biziaren nekeziak.

Edozoin kasutan, edozoin kenka txarretan maitatuak girelako segurtamenaren bozkarioa da. Bai hortik heldu zauku bozkarioa « Jainkoaren maitasunaren bozkario goxoa » Frantses Aita Sainduak idazten duen bezala.

Frantxua apeza :

Ez dugu ahalgerik ukhan behar bozkario hortaz. Huna beraz zer izpiriturekin eginen dugun gure arratsaldeko prosesione hau. Aterbetik Garakotxerat. « Argiaren bide » bat berezia. Elgarrekin ikusiko dugu zoin pondu azpimarratzen dituen Frantses Aita Sainduak « Berri Onaren bozkarioa » bere aholku apostoliko hortan.

Ez gaiten izan, fededun ilun batzu, aire triste bat daukatenak beren aurpegietan, eperantzarik gabe bizi diren sinesdunak.

« Kausitzen dira girixtino batzu Bazko gabeko garizumako aurpegi bat daukatenak, » Beren begietan ez da kausitzen esperantza pindarrik, beren bizi-moldean ez da kausitzen lañotasun ixpirik.

 

BERRI ONAREN BOZKARIOA : JALGI

2012eko urriaren 31an, munduko apezpikuak bildu ziren zinodo batean. Beren gogoeten gaia zuten « Ebanjelizatze berria ». Hortik atera zituzten 58 proposamendu.

« Berri onaren bozkarioa » aholkuan, hartzen ditu pondu horiek Frantses aita sainduak.

Erraiten dauku ez duela ebanjelizatze hori osoki aipatzen, ez direla ere aita saindua ganik denak idurikatu behar. Ez dela behin betikotz azken hitz bat ere idurikatu behar. Beraz ateak zabalik uzten ditu. Hor ere agertzen du bere umiltasuna. Bozkarioa uztartzen du halako indar berri bati, Eliza osoari buhatu nahi duena. Iduri ahantzia ginuela edo ahanzten ari ginela bizi huntako energia zaharrekin.

Zer proposatzen dauku ? 4 aditzetan biltzen ahal ditugu bere proposamenduak :

1              Ateratu edo jalgi

2              Berri eman

3              Gizona eta gizartea zerbitzatu

4              Jainkoaren ganat joaiteko Izpiritu Sainduaz beterik.

 

 

I- JALGI (§49)

Hori dugu lehen aditza.

Edozoin taldek, politika alhorrean, kultur alhorrean, kirol alhorrean, erligio alhorrean...bere burua ezagutarazteko jalgi behar du bere etxetik, bere mundutik. Murruen barnean egonez, ez du ezagutaraziko bere burua.

Girixtino batek hori odolean dauka. Elizak hori odolean dauka. Jainkoak berak hori odolean daukalotz. Jainkoa Jainko da, daukan eta den amodioraen gatik jalgitzen baita. Jainko da, jalgiz, emanez. Jainko baita, maitatuz, eta maitatzeko behar da ateratu, jalgi. Ez dago nunbaiteko bakartasunean bizi. Jesusek, gure esku ahurrean ezarri dauku Jainkoa,. Nehork asmatuko etzuena egin du. Jainkoa 3 presunetan, jadanik beren izaitean bat besteari itzuliak dira, bat besteari buruz doatzi.

Jainkoak lur hau egin duelarik, jadanik Izpiritua hor zagon Jainkoak bere eskuz egin guzien gainerat igortzen zuela, egin guziak eztaltzen zituela eta bere semea ere igorriko du gizonetarat.

 

Abraham, lehen sinesduna, sinesdunen aita, aterazen da. Ukhan manua betetzen du « Utzazu zure lurra, zure ahaideak eta zure aitaren etxea eta zoazi nik erakutsi dauzutan lurralderat. » 

Joanden uztailaren 14an, Loiolako beilan ginenak, orhoit gira Jean Michel Barnetche apezak bere pedeikuan erran hitz hautaz : « Gu ere joan gira goiz huntan : beilariaren lehen marka hori da, xutitzea, joaitea, kurritzea. »

 

Moisekin, Egipton diren leinuak bideari lotzen dira. Ez dute oraino Herri bat egiten. Moisek emanen dakotelarik legea eta bidea eginez, Herri bat xutituko da. Erraiten ahal dugu lotuak diren bide hori ez dela bukatzen. Bideari lot, bainan norat eremanen gaitu ? Eta nun aldeat finkatzeko ? Bai Testament zaharrak aipatzen dauku Abrahami eta ondotik Jakobi hitzeman lurra, bainan laster esperantzak bazterrerat utzi behar ukan dituzte.

Ez dugu sekulan eskuratzen ahalko, guretzen ahalko, lur hori eta Jainkoaren Erresuma zabalduko da azken egunetan. Bidean jasanen dituen zapalkuntza guzietarik gelditu gabe populua aterako da. Aterako da bereziki, auzo herrietan, indar eta aberastasun emaiten dituzten jainko faltsuetarik.

Gaurko munduak eskaintzen dauzkigun desafioetarik ateratzeak, suposatzen du EZ erraitea fingi idolo edo jainkoaizun batzuer. (§ 52-60)

 

Jesus bera ere ateratu da. Aita ganik ateratu da. Bere Ebanjelioan Jondoni Joanik askotan aipatzen dauku « Jesusen ateratze » hori. Badoa besteri buruz. Jordaneko uretarik ateratzean bereziki agertzen du hor diren guzieri, bere Seme nortasuna.

Jordan ibaia hor da, muga egiten duela paganoen ur-bazterra eta Juduen ur-bazterraren artean, muga egiten duela Jainkoak hitzeman erresuma eta idoloen lurraren artean.

Jordan ibaiean sartu da, beretzen balitu bezala populuaren ametsak.

Eta ateratzen horietarik urruntzen baliz bezala, bainan horiek betetzeko.

Jesusen bataioak, aitzinetik erakusten dauku, nola herioan gaindi aterako den berpizteko, xutik bizitzeko. Aitzinetik erraiten dauku bere azken jalgitzea.

Ateratzea  Elizarentzat da, ateak zabalik atxikitzea, bainan ez laster egitea edozoin sentsutarat (§46).

 

« Ateratzea » doakio pastoralgintzan lan egiten duen edozoinentzat ». (§83)

Paralesiatzen gaituen asperduratik atera behar dugu (§81)

Batzutan nekatuak, aspertuak agertzen gira. Birus edo errabia horrek kutsatzen ditu erakunde guziak. Gure parropietan, pastoral mailean lan egiten dutenak akituak dira.

Etsenplu bat : Katekistak akituak, xahartzen ari. Helduden eskola sartzeko erritmo berriek lotsaratzen.

Alta haurrek zer bizia ez daukute agertzen. Duela zonbait aste beraz Konpostelako bidean nintzan. Kanpañan. Ama etxe aitzinean zagon eta neska ttipi bat (6, 7 urte) bide erdian dantzan. Estekatua zaukan haga baten puntan bere panpina. Dantzan nitarik hurbiltzen da eta irriz, ene ondoan xut,  konpreniarazten daut bere panpina ni baino handiago dela. Haur hori ni baino handiago zen bere freskotasunarekin, bere gaztetasunarekin, bere alaitasunarekin. Katekistek badakizie zonbat ikasten dugun haurretarik.

Segi ditzagun gogoetak. Holakoetan,inguruan, bazterrak laster kanbiatzen ari direla, egiten dugun lehen urratsa da defentsa erreakzio bat. Elgarretarik tinki hurbiltzen gira, murruak altxatzen ditugu. Gelditzen daukuna salbatu nahi dugu. Taldearen nortasuna, berezitasuna salbatu nahiz biltzen gira. Eta orduan familiaren barneko eztabadak argirat ateratzen dira. Halako soka-tira batean jartzen dira ikus molde desberdinak dituztenak, familia berean. Barneko haremanak mintzen dira eta batzutan elgarren artean zatikatzeraino heltzen dira.

Gure burua erreferentziatzat emaiten dugun alhor hortarik ateratzea galdatzen dauku, Frantses aita sainduak. Hor gaude tinki zerratuak, hetsiak, egiten dakigun hartan, gure erakundetan, gure izpiritu hertsian, gure ikus molde hertxiekin : ene parropia auzokoa baino dinamikoago, ene katixima auzokoa baino berriago. Gure burua goratzen eta laudatzen dugularik, gure hartan gaude.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Bere mugak ezagutzen ditu, misiolari odolaz gaindika betea dagon bihotzak » segituz Jondoni Pauloren hitz hauekin : « ahul direnekin, ahul egin naiz, ahulen irabazteko...guziekin guzielako egin naiz, nolazpait batzuren salbatzeko. » (1 Ko. 9, 22). §45

Frantxua apeza :

Asperdura, unadura horren ondorioak ezagutzen ditugu : indibidualismo bat haundituz doana, ezkortasun antzu bat, jelosia mingarri bat eta bereziki besteak baliotan ez ezartzea.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

« Gure sinestea deitua da ikusterat ura arno bilakatzen ahal dela, ikusterat ere ilarka erdian sortzen ari den hazi ona. »

« Nahiago dut Eliza bat zauritua, kolpatua eta zikina, bideetarat atera delakotz, ezinez eta Eliza bat eri, ateak hetsirik atxikitzearen bortxaz eta goxoki lotzen dena bere segurtasuner. » (§49)

Azkenean mundukeria izpiritual batetarik ateratu behar dugu.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Agertzeko molde batzuetan, ikusten dugu begien bistako agertzen den arta, liturgia mailean, edo Elizaren ospe eta erakaspenaren alde, bainan ez dute agertzen axolarik, Jainkoaren Populuan, Berri Onaren egiazko sartze batentzat edo historioak agertzen dauzkun behar ordu konkretuentzat. Hola jokatuz, Elizaren bizia erakustetxe bateko gela bat bilakatzen da edo ahurtara bat jabe den jenderen eskuetan gelditzen da. » (§95)

 

 

II- JALGI  BERRI  EMAITEKO

Zer Berri eman ! Funtsezkoa, oinarrizkoa dena.

Ez ditzagun denak nahas. Ezagutaraziak izan diren berrietan, ba dira batzu besteak baino premiatsuagoak. Egietan kausitzen dugu halako grado bat, hierarkia bat. Beraz lehen berri emaite batean, joan behar da oinarrizkoarat. Proposatzen denean, sinestearen mamia arindu behar da.

San Aguxtinek jada bere denboran (5 garren mendean) galdatzen zuen ez kargatzeko sinesdunen bizia. Jesus ezagutzen ez duen bati ez nako hasiko kurtsu baten egiten bekatu mortal eta bekatu beniel baten arteko diferentziaz.

 

Nork zabaltzen du Berri Ona ?

Jainkoaren Populu guziak, bere osotasunean.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Nehork ez du bere burua salbatzen bakarrik. Ez gizon bakar bezala ez eta bere indar bakarrez. » (§113 )

Frantxua apeza mintzo :

Salbamenduaren erroak trinitate sainduan balin badira, ez ditaike bizi bestekin ditugun har-emanetan baizik.

Frantses aita sainduak, usu aipatzen du Jainkoaren populua bere osotasunean, bataiatu guziek osatzen duguna. Batikaneko 2 garren Kontzilioak definizio hori berriz eskuratua zuen eta bere indar guzia emana zakon.

Jainkoaren populuaren erroak kausitzen ditugu Testament Zaharrean. Hor ikusten dugu Herri bat, Populu bat sortzen.Populu horren aita da Jainkoa « Egiptotik, itzularazi dut nere Populua ».

Oseas profetak erraiten dauku nolako amodioa daukan Jainkoak bere popularentzat. « Haurtxoa musuraino altxatzen duenaren idurikoa nintzen heientzat ; ukurtu eta jatera emaiten nion. »

Herria ezkonzaz hartzen du Jainkoak. Azkenean, Jainkoaren Populu bezala bilduko dira Sionen inguruan, bakeratu diren herrialdeak. Herrialde guziak, nazione guziak, Populu batean, gizonen familia bakar batetan, bilduko ditu Jainkoak.

Herrialdeen artean bizi den Kristoren gorputza egiteko, behar da bizkar hezur bat daukan Herri bat. Eta Herri hortako kide guziek parte hartzen dute horren bizian eta haunditzean.

Ez naiz bakar-bakarrik salbatzen. Ez dut bakar-bakarrik hedatzen Berri Ona, Izpiritu Saindua ez baita nerea. Populu osoa du lantzen Izpiritu Sainduak.

 

Nola heda Berri Ona ?

Iturrirat itzuli behar dugu, erran nahi baita, Jainkoaren Hitzaren iturrirat.

Pondu huntan Frantses aita saindua luzaz mintzo da.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Peideikaria kontenplatibo bat da. Luzaz so egiten dio Jainkoari bai eta ere populuari ».(§154)

« Nun ere egina baituzu horien bien sintesia, horien bien arteko bilduma, han da zure bihotza. » (§143)

Frantxua apeza mintzo :

Denboran semenarioan ikasi ginuen, bi begi ditugulakotz, behar dugula begi bat idekirik atxiki Herriak bizi duenari, herritarrekin biziz, solastatuz, kurutzatuz, egunkariak irakurtuz eta beste begia Jainkoraen Hitzari idekia, Bibliari idekia.

Ez baniz Jainkoaren Hitzaz betea eta ene Herriaren hitzaz betea (ez dezagun ahantz Herriaren bitartez ere Jainkoak zerbait erraiten daukula), beraz ez baniz Jainkoaren Hitzaz betea eta ene Herriaren Hitzaz betea, gogoeta ederrak egiten ahalko ditut bainan ez dut ebanjelizatzen, ez dut Berri Ona zabaltzen.

 

Zertako Berri Ona zabaldu ? (§69)

Fedeak behar du kultura batean sartu. (§61) (§132). Hemen ikusten ditugu Paulo VI garrenak jadanik « Evangelii nuntiandi » enziklikan, 1975-ean aipatzen zituen pondu batzu, galdatzen zuelarik joaitea hitz egiten den munduetarat. Hor aipatzen zituen komunika bide berriak. Ba zakien zoin ziren horien indarrak kultur berrietan.

Fedea ez da behatzetako bernizaren pare. Ez da mundu huntako bizi molden arabera eremaiten dugun bizia, gainetik janzten duguna axalezko erlijio batez. Kristau izaiteak, galdatzen du zinez kristau izaitea biziko alor guzietan, bere pentsamenduan, bere hitz egiteko maneran, bere jarrera bakotxean, eguneroko galder emaiten dituen erantzunetan.

Frantses aita sainduak hunkitzen ditu egungo kulturek botatzen dauzkiguten desafioak.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Hedatua den eta denak lerro berean ezartzen dituen ezazolkeria » (§61), « bainan ere berehala eskuratu nahiaren erreinua, itxuraren erreinua » (§62)« erligio mogimendu berrien ugaritzea, hok betetzen dutela gu baitan arrazoinkatzeko xixtimak egin ziloa » (§63).

Beste desafio bat : hirietako kulturak.

Hok beste kulturek baino gehiago hitz-egiteko eta otoitz lekuak galdatzen dituzte.  

Aldiz, kultur bihi batek ez du pretenitzen ahal, berak bakarrik eskuratzea Kristoren Berri Ona beretzeko dretxoa. Edozoin kutura konbertitzerat deitua da. Fedearen transmisioa ez da kultur bakar batena.

Kultur bakotxak baditu Jainkoaren Hitzaren haziak.

Kultur bakotxak, distira gehiagorekin daukan ebanjelio zatiaz, beste kulturak aberasten ahal ditu. Eta hori egia da beste Elizentzat eta beste erlijioentzat hala nola Judaismoarentzat eta Islamarentzat (§247) (§252).

Toki berezi bat egiten du herri-kulturentzat (§124).

Hok beren kolore desberdinak eta askotan lekukoak ekarri dituzte fedearen mamiari (§122). Euskal Herrian hor ditugu tokiko beilak, herri batzuetako Besta Berriak.

Jende xehen kultur hori kanporatzen da, erran nahiez edo zinbolismoz, arrazoinkatuz baino gehiago (§124).

Elkarhizketa batean dio Frantses Aita Sainduak :

« Nahi baduzu jakin nor eta nola den Maria, galdazazu teologoari.

Nahi baduzu jakin nola maita Maria, galdazazu zure amatxiri ».(Cf. Etudes-etan eman elkarhizketan).

 

III- JALGI  ZERBITZATZEKO (bereziki behartsuak eta bakea)

Gizartea eta behartsuak zerbitza.

 

Printzipio bat oroitarazi behar dugu : « Kristau adierazpenaren mamiak edo kristau fedearen bildumaren mamiak  nahi ala ez  gizarte gostu bat, badauka » (§177).

Trinitate sainduan dauka bere iturria Berri onak.

Trinitate Sainduan oinarritzen da, fedearen aitormena eta bestekin ditugun haremanak josten dituen  lotura. Eta maitasun hori azaltzen dugu, agertzen dugu pertsona osoaren, emazte eta gizonaren, aitzinamenduaz eta garapenaz axolatzen girelarik lehen lehenik.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

« Ez dugu gehiago goraki erraiten ahal erlijioa mugatu behar dugula gure mundu pribatuari eta hor dugula bakarrik arimak zerurat bideratzeko. »(§182).

Printzipio horren indarrarekin eta gure gizarte hau inguratzen duen kulturaren aitzinean, Frantses aita Sainduak, goraki dio EZ hiru aldiz.

« EZ, baztertzen duen ekonomia xixtimari »(§53) eta zoin-gehiagogo xixtimari, « ez duzu hilen » manamenduaren izenean. Badelakotz « hiltzen duen ekonomia bat » eta emazte eta gizon hondarkinak dituelakotz bere fruituak. Ekonomia xixtima hortan emazte eta gizonak edozoin kontsumo arrunteko produktoren pare dira.

« EZ, diruaren idolatria berriari »(§55) merkatua jainkostazen duena eta baztertze hori sortzen duena. » Ez dugu gehiago konfientziarik ukaiten ahal indar itsu horietan eta merkatuko esku gordean » (§204)

« EZ, zerbitzatzeko orde gobernatzen  duen diruari »eta hortako etika mundutik, finantza, dirua, kanporatzen duenari. (§57).

 

Oroitaraz ditzagun salmoaren bertsu hauk : « Beren ogia jaten dutelarik, nere populua dute jaten ».

Errefusa horiek erraiten ditu ez mundu hunen kondenatze bat bezala bainan bai, baikor agertzen baita mundu huni eta gizoner so egitean :

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Maite dugu planeta zoragarri hau » (§183)

Frantxua apeza mintzo :

 « Evangelii Gaudium »-ek behin ta berriz aipatuko du manera berezi batez behartsuetaz behar dugun axola. Oroitarazten du Jeusek zer arta berezi zaukan horier buruz. Oroitaraziz nola, aberats zena, biluzi den bere jainkotasunaz. Nola behartsu bilakatu den guretzat. Lotura berezko bat bada pobrezia eta ebanjelizazioaren artean.

« Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki-eta, ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari. Bainan, bere nahitara hustu da, esklabogoa hartu eta jendeen iduriko bilakatu. Jende bezala agerturik apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino. » (Filipoarrei 2, 6-8)

« Badakizue Jesu Kristo gure Jauna zoin eskuzabala den : aberats zelarik, behartsu egin zen zuen gatik, bere behartsu izaiteaz zuen aberasteko » (2 Kor. 8, 9).

 

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Elizarentzat, behartsuak hautatzea teologia saileko urrats bat da, kultur, soziologia, politika edo filosofia sailekoa izan aitzin »(§198).

Frantxua apeza mintzo : 

Eta behartsuen hautu horrek eremaiten gaitu, gure buruak horien eskuetan uztera, horiek guhaur ebanjelizatzeko. Pairatzen duen Kristoren bizia partikatzen baitute.

Behartsuetan Frantses Aita Sainduak ezartzen ditu ahulenak : emigratzaileak (§210), presunen trafikoa egiten dutenak (§211), defentsarik gabe diren emazteak eta hortakotz bigetan sofritzen dutenak, sortu behar diren haurrak, suntsitzen ditugun animaleak. (§209-216).

 

Gizartearen bakea zerbitza

Dimentsio sozial bat badauka fedeak eta bakea horren fruitua da.

Kapitulu hori aipatzen duelarik Frantses Aita Sainduak 4 printzipio adiarazten ditu.

Egia erran hemen jesuita irakaslea da agertzen. Eta 4 pondu hauk mahain inguru batean, jarririk, eztabadatzeko eginak dira.

4 pondu hauek behar lukete argitu edozoin ekintza politiko eta edozoin elkarhizketa sozial. (§238).

 

(§222) Denbora ezpazioa baino gorago da.

Giza alorrean, humano alorrean eraikitzea, altxatzea, luze da. Etsenplu bat emaiteko : Katedraleak eraikitzen zituztenak luzarako lan bati lotzen ziren, urteak irauten zuten lanak ziren. Supermerkatuak eraikitzen dituztenak epe labur batetako lanari lotzen dira. Bizpahiru ilabetez egiten dute.

Populu bat, gizon bat, giristino bat, komunitate bat egiteak, altxatzeak luzarako lan bati lotzea galdatzen du. Beraz zer eraikitzen dut ene ondotik iraunen duenik ?

 

(§226) Gatazkari nagusitzen da batasuna.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Ez dugu xekatu behar biekin, gatazka eta batasunarekin, zerbait nahasketa egitea. Ezeta ere batek bestea irestea. Bainan xekatu behar dugu bai, goi mail batetara heltzea, nun kausituko ditugun bat bestearen kontra jartzen direnetan bakotxaren aberastasunak, ahalak, »(§228).

Frantxua apeza mintzo : 

Batasuna ez da mail apaleko hautsi-mautsi bat, bainan goragoko sintesi berri bat. Batasunak ez du errefusatzen gatazka. Onhartzen ditu kontrakoan diren aberastasunak. Eginahalak egiten ahal ditut kontrakoak ixilarazteko. Bainan hola jokatuz, horiek daukaten egia zatia botatzen dut.

 

(§231) Errealitatea, ideia baino, asmoa baino premiatsuago da, haundiago da.

Errealitatearekin lotura gaberik den ideia laster diskurtso batetara lerratzen da. Eta hori egia da bai fede mailean bai politika mailean. Aita Sainduak salatzen ditu gozatzen ditugun ameskeria batzu. Bainan errealitateak begiak zabaltzen dauzkigularik askotan berantegi da eta iatzartzen gira doloroski.

 

(§234) Gauza bere osotasunean zatia baino haundiago da.

« Ebanjelioaren bozkarioa »-k aitzinatzen du egun globalizazioa edo mundializazio deitzen dugunaren eta herrikoiaren arteko harmonia.

Gure egun guzietako ttipikerietarik ateratzeko, urrunago so egin behar dugu. Mundu hau bere osotasunean hartu behar dugu. Eta egia da denboran berean, ez ditugula ahantzi behar gure herriko gora-beherak. Hemen ere batek ez du bestea iretsi behar. Gure xilkoa baino urrunago so egin behar dugu. Guzien dako ona izanen dena bilatu behar dugu, bainan gure erroak ukatu gabe.

 

Frantses Aita Saindua  mintzo :

« Beharrezkoa da bere erroak lur emankorrean, Jainkoaren dohain bat dena, eta bere tokiko historioan, barna sartzea. »(§235)

 

IV- JAINKOARI BURUZ JOAN IZPIRITU SAINDUAZ BETERIK

 

« Ebanjelioaren bozkarioa »-k azpimarratzen du Izpirituak zer parte hartzen duen Ebanjelizazioan. Eta misionestak lehenik behar du izan kontenplazioko emazte edo gizon bat. Izpiritua kausitzen dugu, kontenplatzen dugu, Ebanjelioan. Hortakotz Jainkoaren Hitza irakurri behar dugu.

Otoitz egin behar dugu.

Frantses Aita Saindua  mintzo :

 « Eliza ez da otoitzaren bularra (edo biria) gabe bizitzen ahal. » (§262)

 « Egia da iduri duela usu Jainkorik ez dela. Ikusten dugu  injustizia, gaixtakeria, ezazolkeria eta bihotz gogorkeria ez dira ttipituz johan. »(§276).

Frantxua apeza mintzo : 

Nola haziak bere bidea segitzen duen gorderik, berdin lan egiten du hiletarik piztuaren Izpirituak.

Aita sainduarentzat « dizipulu-misionesta » da segitzen duena, ateratzen dena bainan sekulan ahantzi gabe Izpirituak aitzinatzen duela.

Bere otoitzaren iturri den segurtamen hori gabe manager bat edo jendeekilako bat gehiago izanen da. Ikusi beharko du Izpirituaren lana mundu huntan.

Ikusi beharko du goiz oroz, gerla, zorigaitz, zauri, saldukeri eta baztertze guzietarik, pizten den bizi hau.

Arrazoin guziak dituelarik bide bazterrean gelditzeko.

 

 

KONKLUSIOA

Holako testo bat irakurtu ondoan, nola gure burua ez sendi hobendun ?

Gure kar eskasaren gatik, gure epeltasunaren gatik, gure etsimenduaren gatk ?

Nola ez sendi poxi bat itoa holako indar zabala eta gazte baten karra agertzen dauzkigularik aita sainduak ?

Frantses Aita Saindua  mintzo :

« Zonbat nahiko nuken hitzak atxeman, sustatzeko ebanjelizazio garai suharrago bat, alegera bat, bihotzdun bat, ausart bat, maitasunez betea eta bizi kutsagarriz gainditua ». (§261).

Frantxua apeza mintzo :

Ez paralesiatuak gelditzeko tokiaren gainean edo harri eta zur gelditzeko ikusiz deia ezin betea dela, ez dezagun ahantz titulua «Gaudium,  Bozkarioa, poza ». « Bozkaria zaite Maria », bozkaria zaite zu giristinoa. Ezin konprenituak diren gertakarietan, zure egunoroko urrats arruntetan, parte hartzen duzu mundu berri baten sortzean. Eta Jesus bezala galdatzen baduzu fedea ez denez desagertuko egun batez lur huntarik, erran zazu zure buruari izanen direla beti Zamaritanoak urketa joanen direnak.

Eta putzu hegian norbait haiduru kausituko dutela. Hunek ezagutaraziko dakotela Izpituaren iturriak bakarrik eztituko dioten egarria. Beraz zaude alegera.

Ez dugu ebanjelizatzen, minkor, aiher izanez eta bestea belztuz, zikinduz.

Segur giristinoak badu hitz bat erraiteko, lekukotasun bat ekartzeko.

Ez du ixilik egon behar.

Ez du noiznahi ihausika artzerik, hortzen agertzrik.

Edo ezpata ateratzerik.

Petrik ere Jesusek galdaturik ezpata bere tokirat itzuli zuen.

Ez dugu ezagutaraziko Jainko Aita bat,  besteak ments batzu edo gezurti batzu direla oihukatuz.

Alegeraki zabaltzen da Berri Ona.

Azkenean oroit gaiten Frantses Aita Sainduak bere burua bekatoros agertzen daukula. Gure otoitzen beharra duela. Bekatoros izaiteak ez gaitu kurritzetik trabatuko. Beraz goazin aitzina. Goazen aitzina Mixel Garrikoitzekin.

Argiaren bidea segi dezagun gure familietan, herrietan, lan tokietan, elizan. Argiaren bidean jo aitzina Garakotxeko Mixelek zaukan kar berarekin, Frantses Aita Sainduak agertzen dauzkun bozkario eta gaztetasun berekin.

 

Frantxua Garat apezaren gogoetaldiak deskargatzeko hemen pdf moduan.

 

Argazkiak : Michel Loyatho.