Louis-Edouard Cestac-en dohatsuzea Baionan 2015. maiatzaren 31an

Louis-Edouard Cestac-en dohatsuzea Baionan 2015. maiatzaren 31an

Baiona, Oloron eta Lescar-eko diosesak Louis Edouard Cestac ospatu du elizkizun eder batean, Dohatsu izendatuz. Baionan sortua eta bere bizia hemen eramana, Baiona, Larresoro, Angelu  artean, (egonaldi labur batzu Parise eta Bretanian) ama Euskalduna eta aita Bigorre-koa, apeza, seroren kongregazio baten eraikilea, horiek denak dute zeremoniari bere kolorea eman.

 

Jende ainitz espero gatik eta KTO telebixta hor izan gatik, jendea gomitatua zen oren bat aitzin katedraleran sartzera, edo barnean gomit txartela batekin, edo kalostrapean, edo San Andreseko elizan, eta oren hori iragan da musikari eta kantari batzuen entzuten egonez. Louis Edouard Cestac bera musikaria zen, biolina jotzen zuen eta biolin hori mutil gazte batek erabili du. Bertze musikariak ere, hari-instumentuen soinulariak ziren. Hola hautatuak izan dira, lotura egiteko ospatzen zen gizonarekin. Lehen kolorea, artisten eta sentsibilitatearen kolorea.

Bigarren kolorea : musikari eta kantari horiek Dohatsutasunak dituzte agerian ezarri, Aita Cestac-en gutun batzuen eta ebanjelioaren bitartez : pobreak ikustea eta errespetatzea heien irakaskuntza segituz, zuzentasuna eraikitzea egun guzietako haremanetan eta goxotasuna erabiltzea.

 

Lau orenetan apezak sartu dira, prozesio luze batean. 110 apez, 12 apezpiku, 10 diakre, 16 apez gai, 2 Kardinale. Eliz gizonek beren arteko apez bat dute eskertu eta haren lekukotasuna dute ohoratu. Apezak artzain dira, parropia eta lurraldetan bizi diren jenden artzain. Katedralean ziren artaldearen erdian pasatu dira, eta artaldeak beren artzaineri irriño eta agur beroenak eman dizkie.. Sobera jende izanen zelako beldurrez, ainitz presuna ez dira etorri eta ainitzek ez dute gomit txartelarik ukan ; beraz hor zirenak, beren lagunak eta ezagunak ordezkatu dituzte. Hirugarren kolorea : apezen eskertzea, Kanboko Arditeian eta Paueko xahar etxean direnak ahantzi gabe.

Louis Edouard Cestac, kongregazio eraikile izan da eta serorak, Mariaren Zerbitzariak eta Bernardinak, han ziren denak, bai eta ere bertze kongregazio ainitz, serora eta fraile. Eta kolore hau zein koloretsua izan den ! Alegera, zoriontsu, alai, lorios, irritsu, arin, eskerdun, ... hitzak eskas dira beren poza erraiteko. Esker onezko kantua da heien izpiritu eta bihotzetik ateri.

 

Holako ospakizunak bere arauk baditu. Erromatik etorri Amato kardinaleak lehen agurra egin ondoren, Marc Aillet apezpikuak du galdea ahoskatu eta Louisette Saba serorak du aurkeztu. Louis Edouard Cestac-en bizia aipatu du eta Dohatsutasuna ukaiteko merezimenduak argizki erran. Kardinaleak bere erantzuna latinez eman du, Frantses aita sainduaren gutuna irakurriz eta Baionako apezpikuak frantsesez irakurri du : Louis Edouard Cestac dohatsu izendatua da eta haren besta Elizak ospatuko du urtero martxoaren 27an (zerurat igan zen eguna). Hori entzutean eta Jean François Simonek egin margolana – Cestac-en irudia- agertu bezain laster, txaloak bete dute katedralea. Jende ainitzen dako, hori izan da mementorik hunkigarriena. Koloretsua !

 

Erlikia presentatua izan da, zeren Dohatsu edo Saindu bat ospatzeko, otoizteko, erlikia bat agertzen da. Erlikia hortan odoleztatu oihal ttiki bat ezarri dute ; odol galtze batek zuen aita Cestac ereman eta serora batek zuen odol hori xukatu. Serora ainitzentzat, zoin erliki hunkigarria ! Emozioaren kolorea !

 

Kardinalearen omiliak goxoki eman du bere esperantzazko mezua : fedea Jainkoaren laguntza baitan, behartsua lagundu, saindutasuna helburu, eta bururatu du erranez : « Louis Edouard Cestac otoitz egizu guretzat ». Lagun eta sustengu berri bat badugu gure ondoan !

Mundu zabaletik etorri serorek eta laïkoek dituzte orduan eskaintzak ekarri aldare aitzinerat : Afrikako  Boli kostatik, Hego Ameriketako Argentina eta Urugaietik, Indiatik, Espainiatik, munduko koloreak dira eskaini. Biziki hunkigarria ikustea, nola gizon gazte batek, apez xume eta umil batek, Mariaren laguntzarekin, Baionako karriketan hasi lana, munduan nola zabaldu den ! Louis Edouard Cestac behartsuekin -umezurt ala emagaldu-, gustuan zagon, eta Jende haundiekin -Napoleon III ala prefeta- gustuan zagon. Denekin gustuan, ez baizen bere buruaren zerbitzari, baizik eta pobreen zerbitzari. Baionako katedralean hor ziren hautetsi eta jende haundi, bai eta Paueko presoner batzu eta jende xume frango. Biziaren Kolorea !

 

Aita Cestac-en ama euskalduna zen eta bera euskaraduna zen. Ospakizuna hiru hizkuntzetan egin da : frantsesa, latina, euskara. Hori ere kolorea, Izpiritu sainduak eman kolorea, ama hizkuntza erabiltzea eta kantatzea amen besta egunean.

Mixel Garikoitz saindua eta Louis Edouard Cestac dohatsua, Ipar Euskal Herriko bi argi. 

 

Maite Irazoqui, Herria astekarian.

 

 

ARGAZKIAK IKUSTEKO.