« Agur Xiberoa » zion 2015eko Kanta Jaunari-k

« Agur Xiberoa » zion 2015eko Kanta Jaunari-k

Eüskal Herriko parropietako kantari koroak Xiberoan azkentze alkarretaratü ziren 1992ko martxoan, Battitte Etchenique Maulen apez zelarik. Arren 23 urteren bürüan, azaroaren 8 hontan Xiberoala ützüli zaizkü larrazkeneko igante ekitsü batez.

600 kantari Jondane Juhane Batista elizan bildü ziren eüskal litürjiaren ohoretan Beñat Charriez eramaile eta Jean Marie Eyharts organo joile. 9 orenetan azken mustraka batetan oro pikoan ezarri ondoan, 10ak30tan meza nausia hasi zen, Prédaigne apeza meza emaile, Jeannot Etcheto, Jean Eliçagaray, Joseph Ruspil eta Philippe Haristoy apezez üngüratürik.

Jeannot Etchetoren hunki jinaren ondotik, Jinko jaunaren laüdatzeko jin ginen ardi saldoaren biribilkatzeko tzintzarrada, txülüla eta ttunttuna jo zütüan Mixel Etxekoparrek. Horren ondotik botzek ozenki, ederki leküa hartü züen ! Meza hartan, besteak beste, Juan Urteaga, Iratzeder, Dumont eta Gabriel Lerchundi, Roger Idiart eta Thomas Ospital-en obrak emanik izan ziren. Xiberoan izatez begi keiñü zonbait sartü ziren : Léo Lucuix Eskiulatarraren « Sinesten düt », eta probintzia hortan emaiten baizik ez den « Dohain hona » komünioneko kantorea eta irakurgeiak xiberotarrez eman ziren. Jean-René Prédaigneren peredikü zentzüdünak bihotzak hunki zütüan.

Jean-Louis Davant-ek egün hortarako hontü otoitze orokorra pastoral ahaidean kantatürik izan zen :

 

Eliza lagünt ezazü zihauk manatü lanean

Eüskal Herrian bezala mündüaren zabalean.

 

Alargüntsa behartsüak ez züanetik eman beitü

Dugünaren arabera lehiatü behar dügü.

 

Bakezale jar gitean bizi giren leküetan

Baketiarrak lagünt Jauna, gerla düen herrietan.

 

Kanta dezagüla beti Jinkoaren hontarzüna

Mündüaren ederra (e)ta jentearen batarzüna.

 

Mezatik landa Sohütako polikiroltegian Larraineko Etchemaite jatetxeko ekipa haidürü zen bazkari ezinago hon baten zerbütxatzeko. Beren kantarien lagüntzera jinik apez multxo ederra Xiberoala hüilantü zen.

 

Basabürüko eta Pettarreko 30 kantariek egün hortan parte hartü düenak oro eskertü nahi dütüe. Partikülarzki Haristoy eta Etcheto apezak, litürjiako ekipa, Beñat Charriez eta Jean-Marie Eyharts.

 

Dagün aldiko hitzordüa Donibane Lohitzünen 2017ko martxoaren 12an. Oro kümit zidee koro horietan parte hartzera eta prefosta iganteko mezetan kantatzera !

 

Lüxi Etchecopare-Camus.

 

 

Jeannot Etcheto erretoraren ongi etorria entzuteko :

 

Jean-René Prédaigne apezaren predikua entzuteko :

 

Fededunen otoitza entzuteko :

 

 Lapurdi Irratiaren erreportaia entzuteko :