Urrikiaren urtea : "Urrikaltsu Aita bezala"

Urrikiaren urtea : "Urrikaltsu Aita bezala"

Aita Sainduaren gutuna « Misericordiae Vultus » euskaraz, urrilkalmenduzko 14 obrak, urte sainduaren himnoa.

 

2015-eko Abendoaren 8-tik - Maria Guziz Garbiaren besta - 2016-ko Azaroaren 20-a arte - Kristo Erregeren besta - Frantses aita sainduak urrikalmenduaren urte bat idekiko du. Aita sainduak gonbidatzen gaitu "esperantza emaiten, barkatzen eta kontsolatzen duen Jainkoaren amodioaren esperientzia egitera". Urrikalmendua ohikoa du Jainkoak : aita eta ama bat bezala ari da gurekin, gure historia hasi denetik. Jasankor eta urrikalkor, bihotz urratuak sendatzen ditu eta heien zauriak artatzen. Urte hau parada ezin hobea dugu "Jainko hurbil, artatsu, saindu eta urrikalkorraren" aurkitzeko. 

Ate Saindutik iragaitean "segur gira gure ibilaldia suspertzen duen Jainkoaren indarra bidelagun dugula."

Bataio harrian, guhauren bataioa gogoan dugula, gizaki guzien salbatzeko hil eta piztu den Kristoz oroimen egiten dugu.

Jainkoaren Hitza ausnartuz, Biblia irakurtuz, miresten dugu Aita, Seme eta Izpiritu Saindu den Jainkoaren urrikalmenduzko ekintza gizadiaren historian.

Apez bati gure bekatuak aitortuz "eskuz hunkitzen dugu urrikalmendua zein den handia; barneko bake sakon baten iturri izanen da."

Jainko Aita gure beha dago ! Bere bozkarioz bete nahi gaitu, geldigabe errepikatzen digula : "Ez duda bihotz ona naizela, maite zaitudala. Dena niganik igurikatzen duen arimari ez diot dausik ukatzen ahal."

Ukan dugun urrikalmenduaz dirdiran, gure familieri eta munduari bakea ekartzen diegu.

 

Donostiako Elizbarrutiko baimenarekin aurkitzen ahalko duzue hemen Frantses Aita Sainduaren gutuna :

- Misericordiae Vultus euskaraz (word)

- Misericordiae Vultus euskaraz (pdf)

- Misericordiae Vultus otoitzak (pdf)

 
Frantses Aita Sainduaren otoitza
 
Jesu Kristo gure Jauna,
Zuk, zeruko Aita bezala urrikaltsu izaiten
erakatsi daukuzu,
eta Zu ikusten zaituenak
Aita ere ikusten duela erran daukuzu.
Erakuts guri zure aurpegia,
eta ardietsiko dugu salbamendua.
Maitasunezko zure begiradak libratu zituen
Zakeo eta Matiu diruaren esklabo izaitetik;
baita adulteriogilea eta Magdalena ere
zoriontasuna izaki huts den
norbaiten baitan bilatzetik;
Petriri nigarra atera zion saldukeria egin ondoan;
eta damutu zen gaixtaginari, Paradisua segurtatu zion.
Egizu, gutarik bakotxak entzun dezala,
guri erran hitza bezala,
Zuk emazte samariarrari errana:
Bazinaki Jainkoak zer eman dezakeen !
Zu zira ikusezina den Jainkoaren aurpegi ikusgarria,
guziahaldun izaitea,
bereziki, barkatzean eta urrikaltsu izaitean
erakusten duen Jainkoarena;
egizu, Eliza izan dadila, munduan,
zure aurpegi ikusgarria,
Zu baitzaitu Elizak bere Jauna, piztua eta aintzatsua.
Zuk hala nahirik,
mehetasunez jantziak dira zure apezak ere,
zinezko urrukia sendi dezaten
ezjakinentzat edota oker dabiltzanentzat;
egizu, horiengana hurbiltzen denak hauteman dezala
zain duela Jainkoa, bera maitatzeko eta barkatzeko.
Igor guri zure Izpiritua
eta sagara gaitzazu guziak haren gantzuduraz,
urrikiaren Jubileua
Jaunaren onginahi-urtea izan dadin
eta zure Elizak, gogo-berriturik,
Berri Ona behartsuei eman diezaien,
preso eta zapalduei askatasuna mezutu
eta itsuei ikusmena eman diezaien.
Hala eskatzen dautzugu, Ama urrukaltsua den
Andredena Mariaren otoitzarekin bat eginik,
Aitarekin eta Izpiritu Sainduarekin batean
errege bizi baitzira gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Jubilau urte huntan gure lagun hurkoaren gorputzeko eta arimako beharrentzat egiten diren urrikalmenduzko 14 obrak :

 

GORPUTZ URRIKALMENDUZKO 7 EGINTZAK

1 Goseak direneri jatera eman

2 Egarri direneri edatera eman

3 Buluziak jantzi

4 Arrotzeri aterbe eman

5 Erien ikustera joan

6 Presuneren ikustera joan

7 Hilak ehortzi

 

IZPIRITU URRIKALMENDUZKO 7 EGINTZAK

1 Behar duenari kontseilu eman

2 Ez-jakinari erakatsi

3 Bekatorosak sustatu

4 Atsegabetuak bihotz-altxatu

5 Laidoak barkatu

6 Jende nardagarriak pazientziaz jasan

7 Bizien eta hilentzat Jainkoa otoiztu

 

Urte sainduaren himnoa "Misericordes sicut Pater", errepika latinez, koplak euskaraz.

 
- Kantua entzuteko (latinez).
 

Misericordes sicut Pater, misericordes sicut Pater ! (bis)

1 - Eskerrak Aitari, ona baita, in aeternum misericordia ejus.
Bere zuhurtzian egin du mundua, in aeternum misericordia ejus.
Mendez mende Herriaren aintzindari, in aeternum misericordia ejus.
Bere haurren barkatzaile ta babesle, in aeternum misericordia ejus.
 
2 - Eskerrak Semeari, Herrien argiari, in aeternum misericordia ejus.
Maitatu gaitu, gizon bihotzez maitatu, in aeternum misericordia ejus.
Hartarik den dena, harena den dena, in aeternum misericordia ejus.
Gose ta egarri daudeneri, zabal bihotza, in aeternum misericordia ejus.
 
3 - Izpirituaren zazpi dohainak eska ditzagun, in aeternum misericordia ejus.
Ongi guzien sorburu, sosegu eztiena, in aeternum misericordia ejus.
Harek sustaturik, heda gozotasuna, in aeternum misericordia ejus.
Maitasuna betiere esperantza jarraikian, in aeternum misericordia ejus.
4 - Bakezko Jainkoari dugun eska bakea, in aeternum misericordia ejus.
Berri onaren beha dago Lur guzia, in aeternum misericordia ejus.
Xumeen baitan bozkario ta barkamen, in aeternum misericordia ejus.
Zeru-lurrak oraidanik mende berri, in aeternum misericordia ejus. 

 

- Urte sainduaren webgune ofiziala.