Eguberriko mezua 2015

Eguberriko mezua 2015

Alegera sartu gara Frantses Aita Sainduak deliberatu urte sainduan, alegeraki ireki dugu Baionako Andredena Maria katedralean urrikalmenduaren atea, ba ginen 1500 hurbil, denak alegera. Norbera bakarrik, familiarekin edo parropiantekin beilaz hurbiltzen ahal gara horrat, eta ate saindutik sinbolikoki sartu, Jaunaren urrikalmendua begiz ikusi barnatu edo berritzeko.

 

Ikusiz herrikideek jasaiten dituzten ekonomia dudamudak eta zailtasun sozialak, ba dugu bai geroaz arranguratzekorik; hain zuzen joan den hilabetean Parise odoleztatu duten atentatuen ukaldia hor baitugu, eta Estatuak urgentzia egoera ezarria. Hor gerla deklaratu dio Frantziari. Hortik heldu da anitzentzat gustu kiratsa izanen dutela urte buru honetako bestek. Gertakari larri horiek izan daitezela bederen Eguzki aldeko giristinoekin elkartasun handiagoa erakusteko parada, urteak baitira giristino horiek horrelako atentatuekin bizi direla.

Hain segur ere, frantsesen kezkak ezabatzeko eta haiei kuraia emaiteko, beharko dira Errepublikaren baloreei eginiko dei hutsak baino gehiago, laikotasun saindu sakratutik haste. Menturaz atentatuek piztu dituztela zinezko elkartasun eta bihotz zabaltasun jestu espontaneoak. Baina, gure kargudun zibilek ez baitituzte dudatan emaiten, gure mendebaleko kulturaren ezaugarriak diren norberekoikeriak eta kontsumerismoak gutartean kinka txarrean uzten dituzte anitz herrikide, beren baitan duten barne eskasia handituz doakiela. Hortik heldu da gure jendartean gaizki izaitea iraunkortuz doala.

Hainbeste bortizkeriek, bereizkuntzek eta desenganiok lotsatzen duen gure munduak egiazko esperantza mezu bat behar du. Gizadia edozein bide hetsitan abiaturik ere, Elizak etengabe errepikatzen du Sofonias profetaren hitz hau : « egizu kantu Sionen alaba, Irrintzin egizu Israel, bazterrerat utzi baitu Jaunak zure kontrako jujamendua,. zure etsaiak haizatu ditu » (So 3).
Jesus salbatzailearekin Jainkoak bere hitza bete du eta bere herriaz urrikaldu da. Hara kreazio guztiari zabaldu behar dugun berri ona Betelemeko krexan agertu den urrikalmenduaren begitartean begiak finkaturik, ate saindutik sartuko gara gutaz arta duen Aitaren besoetan emaiteko. Urrikalmenduaren atea baita ere Elizak munduari zabaltzen dion atea, guk ere gure aldian Aita bezala urrikaltsu, atsekabetu guztiez arta har dezagun.

Ama Birjina, bekatua baino gazteagoa, gure esperantzaren izarra da, Charles Peguy idazlearen “esperantza neskatxa” gure gauen beltz lodia trabeskatu zuena. Otoitz egin diezaiogun bada Mariari Frantziarentzat, eta ikas dezagun haren ganik krexako sortu berriari so egiten, gizadiaren salbamendurako ekarri duen urrikalmenduaren lekuko izan gaitezen.

Eguberri alegera eta saindua denentzat !

† Marc AILLET,
Baiona, Lescar eta Oloroneko apezpikua

 

Message de Noël de Mgr Aillet