Aurtengo Bazko mezua, Marc Aillet Jaun Apezpikuak eskainirik : « Argi harek ilunpetan argitzen du, bainan ilunpeek ez dute onartu » (Jn 1, 5).
Berriek pisu berezia dute gaur egun. Ekialde Erdian ala Ukrainian, gerla hedatzeko irriskua ez da baztertua. Giristinoek diskriminazio-egoera berriak bizi dituzte, baita pertsekuzio berriak ere, hala nola Sahara hegoaldeko Afrikan edo Sirian, eta alaouiten kontrakoa, isiltasun harrigarrian. Atentatu terroristen arriskua eta gure herrian berean bortizkeria gertakari lazgarriak, batzuetan botere publikoak deus ezin eginez, gero eta kezkagarriagoak dira gure herritarrentzat ; berdin ere gero eta herritar gehiagok ezagutzen dituzten zailtasun ekonomikoak. Laster eztabaidatuko da Legebiltzarrean bizitzaren bururatzeari buruzko lege bat, izen askoz gordea, erizain ainitzen gogo nahaste handirako. Lege hortan, heriotza emaiteak sofrikarioa arintzeak baino leku gehiago badauka, zainketa aringarrien egiazko politika bat ez baita hainbeste aipatua.
Nola ez aipa gure hezkuntza katolikoko ikastetxeetan, gehienetan aspaldiko urtetan baina batzuetan ere berrikiago, gertatu diren indarkeria fisiko eta sexualen salaketak ? Denak sumintzen bagaituzte, gero eta ernekiago beharko ditugu biktimak entzun, haien pairamena entzunez eta erreparatuz, bai eta adingabeak eta ahulen begiratze neurriak eta prebentzio-ekintzak deliberatzeko.
Hodeiak pilatzen ari dira, gure gizartean, Elizan bezala, pedokriminalitearen kontrako bere borrokan —160.000 sexu bortizkeria zenbatzen dira Frantzian urtero—, eta eliz instituzioan ere.
Baina Jesusen heriotza gure gorputzean eramaten badugu –eta Eliza Kristoren Gorputza da–, Jesusen piztea ere gure gorputzean agertzen da (2 Co 4, 10)! Egitura gizatiarragoak, zuzenagoak eta etxe segurragoak eraikitzen saiatu behar badugu, badakigu “diseinu hoberenak eta sistema onenak laster bihurtzen direla okerrak, gizakiaren bihotzaren malda tzarrak ez badira ontzen” (Paulo VI.a). Jaunak bere graziaz bakarrik dezake bihotzaren konbertsioa gure baitan eragin. Paulo apostoluarekin erran dezakegu: “Kristo nahi dut ezagutu, neure baitan haren piztearen indarra nahi dut sumatu eta haren oinazeetan partaide izan, haren heriotzea nere baitan berrituz, hilen piztean parte ukanen dutalako esperantzan.” (Ph 3, 10-11).
Bai, berpiztearen indarra ikus dezakegu munduan eta Elizaren bizitzan. Zenbat gizon eta emazte bakearen eta behartsuenen zerbitzuan jartzen direnak ! Zenbat mobilizazio biktimen entzuteko eta haien anaiki laguntzeko. Eta gero eta gehiago diren katekumeno horiek – laurogei ta hamar(90) gure elizbarrutian aurten, jaz berrogei(40) zirelarik – eta hauste astezkenetik hona, gure ospakizunetara etortzen ikusten diren gazte horiek ; beren axola izanikan ere, eskandaluek ez dituzte geldiarazten, eta Kristo ezagutu nahi dute, harek bakarrik baitu heriotza garaitu ; senditzen dute gaur egun ere haien heriotza garaitu dezakeela, beren bizitzari beste etorkizun eta norabide erabakigarri bat emanez. Bai, “argi harek ilunpetan argitzen du, bainan ilunpeek ez dute onartu” (Jn 1, 5).
«Badakigu: Kristo egiazki hiletarik piztu da.
Errege garailea, urrikal zaite gu guzietaz ! Amen. Alleluia».
Bazko besta saindu eta alai zueri !
+Marc Aillet
Mezua entzun :