Aurtengo Bazko mezua, Marc Aillet Jaun Apezpikuak eskainirik : Kristo nere esperantza piztu da
Garizuma bururat heldu gira. Gure katekumenoak molde berezi batez deituak izan ondoan, bataiatuak izanen dira, Kristori eta Elizari elkartuak. Zer esperantza ederra guretzat ! Askotan, atseginek joak edo bederen zentzu baten bila, bat batean Elizaren gana jotzen dute, senditzen baitute hark bakarrik ekar diezaiekeela esperantza mezu bat. Leon XIV aita sainduak molde argian adierazi du: “Segur naiz jende askoren gogoan, batez ere gazteen bihotzean, ezinegon berri bat sartzen ari dela gaur egun. Ongizaitearen goraipatzeak ez du ekarri espero zuen zoriona; egiatik urrundu askatasunak ez du ekarri hitzeman betetasuna ; eta aurrerapen materialak berenaz ez du gure bihotz barneko nahia bete”. Eta Kristo kausitu dute beren bizian, esperientzia bat egin dute, Kristok bakarrik garait zezakeela haien heriotza eta eman bizia, egiazko bizia !
Horra zer den Bazkoko mezua : Kristok herioa garaitu du, berpiztu da, bizirik dago, eta gure biziko bideetan laguntzen gaitu, betiereko bizirat eramaiteko, heriotzean barna.
Kristo berpiztuak bere garaipenean eta bizi-zurrunbiloan eramaiten gaitu, hori da gure munduaren etsipen eta larritasunen kontrako antidotarik hoberena : hainbeste hobengabe gerlek hilak Ekialde Hurbilean, milioi bat Libandar bideetan botatuak direlarik, janari, aterbe edo erremedio bila ; indarkeria eta herra gure gizarte zatikatuan, politikoek, gizaldi mesianismo batean, uste baitute nahasmendutik sortuko dela gizaki berria; Heriotza-kultura, eutanasia eta suizidio lagunduari buruzko legeekin, haustura antropologiko berri batean murgiltzerat eraman gaitzakeena… Bainan “Eritasun horrek ez derama heriotzerat”, Jesusek dizipulueri erran zeien bezala, Lazaro piztu aitzin !
Denek, katekumeno eta bataiatu berrietarik hasi ta, behar ditugu oasisak gure munduko basamortuen erdian. Oasis bat, otoitzean, anai arreben arteko batasunean, eta formakuntzan kausi dezakeguna da ; handik mundurat atera gaiten, behartsuenen zerbitzuko, bai eta Ebanjelioa ur iturri baten aldean egarri amikatua den herriari iragartzeko. Oasis horietan kausi dezakegu Kristo berpiztuak aipatzen zaukuna: “Eta ni zuekin naiz egun oroz munduaren azkeneraino” (Mt 28, 20)
Gure giristino elkarteak oasis horiek izaiterat deituak gira, erreski sar daiteken eta nornahiri idekiak dauden leku atsegingarriak, Jainkoaren maitasuna deneri iragartzeko atera daitekena.
Bokazione hori izanen dute Pauen ideki berri dugun San Frantses Xabier Diosesako etxeak, bai eta Baionan eraikitzen ari denak. Sentsibilitate guzietako fededunak hor Kristoren inguruan bildu ditezela, harresiak bota eta zubiak eraiki ditzatela, eta deneri gure batasunaren lekukotasuna eman diezagula, elkar maitatuko dugunetik ezagutuko baigaituzte guziek Kristoren dizipulu bezala (Jn 13, 35).
BAZKO SAINDU ETA ALAI DENERI !
+Marc Aillet
Mezua entzun :
