Marc Aillet jaun apezpikuaren 2024 ko Eguberriko mezua

18, Déc 2024

Esperantzazko Eguberri.

Eguberriko misterioa hunela aipatzen du Izai profetak: “Ilunbean zabilan herriak argi handi bat ikusi du” (Iz 9, 1). Alabainan, Jesusen sortzeak, gure mundu leher-eginaren Salbatzaileak, arteka bat zabaltzen du gure gauean. Argiño hori ez bada ere osoki piztuko gure zeruratzeko sortzean baizik. Orainokoan, atsegabeen aztaparretan gaude eta igurikan. Bainan jadanik etorri denaren azken etortzeak itxaropenez betetzen gaitu.

Hain zuzen, 2025 eko Urte Saindua idekitzean, Abendoaren 24 ean, Frantses Aita Sainduak “Esperantzaren beilari” izaiterat deitzen gaitu, Charles Peguy idazleak hain ederki kantatu duen Esperantza hori bera: “Sugartxo baten daldarak munduen barnea erditik zilatu du. Sugartxo urduri batek denboren pizua zilatu du. Sugartxo irritsu batek  gauen beltza zilatu du (…) Ezin helduzko sugarra, herioaren hatsak ezin hila. Estonatzen nauena, dio Jainkoak, esperantza da (…) Esperantza neskatxa hori. Hilezkorra”. Lerro horiek ez ahal dira nehoiz orain bezain egiak izan, gerlak planeta guzian hedatzeko irriskuan direlarik,  eta giristinoak munduan barna sekulan baino gehiago pertsegituak ; ahantzi gabe politika eta ekonomiak hainbeste bide faltsuez sortzen dituzten buru hausteak, hala nola laborarientzat, gure Europa gero ta gehiago merkatu mundialean lepotik dilindan dagolarik…  

Jondoni Petri basilikako ateak zabaltzean, Frantses Aita Sainduak, esperantzaren suño hori piztuko du, gure inguruan lekuko kementsuak izaiterat deitzen gaituela. “Esperantzak ez du huts egiten” deitu Jubilaua anuntzatzeko gutunean, esperantzaren hiru seinale azpimaratzen ditu gu guziak bultzatu behar gaituztenak : Bakea, biziari idekitzea eta atsegabean diren hainbeste jende artatzea. Beraz zinez bake egile izaiterat deitzen zaituztet, asko moldez bake bideak idekiz, Jesusek berak erran baitzuen: “Aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, oroitzen bazira zure anaiak zerbait baduela zure kontra, utz han zeure oparia, aldare aitzinean, eta zoazi lehenik zeure anaiarekin baketzera; zato, gero, zeure opariaren eskaintzera” (Mt 5, 23-24) ; Orduan bai, Eukaristian parte hartzen ahalko dugu, gure arteko batasuna heda dadin. Familiek entzun dezatela bereziki Aita Sainduak dioen hau: “Giristino elkartea lehen lerroan izan behar da gizarte elkargo bat esperantzarako bultzatuko duena, geroari buruz, sortu berrien irriño gozoek bete ditzaten munduan barna husturik dauden ohakoak”. Ororen buru, Aita Sainduak azpimarratu nahigabe mota guzien zerbitzuko diren diosesako pastoraltza guziak – preso, eri, elbarritu, gazte, etorkin, xahar edo behartsu – bilduko dira ekimen idei asko guri proposatzeko, gure maitasuna asmakorragoa izan dadin.

Jesus Jaunaren sortzearen besta huntan, sar gaiten urte sainduan, esperantzaren bozkarioz beterik

Eguberri saindu eta alai bat guzieri !

+ Marc Aillet

Mezua entzuteko :

ARCHIVES

ÉVÉNEMENTS À VENIR

Pin It on Pinterest