Marc Aillet jaun apezpikuaren 2025ko Eguberriko mezua

18, Déc 2025

Eguberriko mezua : Esperantzaren poza

Mundu hobe bat eraiki nahiz etengabe ari direnentzat, iduritzen zaiote debaldetan ari direla, hain da denetan egoera iluna. Nazioarte mailean, gerla eta herioek ez dute bukatzerik, jendek ezin ulert ditzazketen arrazoinen gatik ; giristinoen kontrako erasoak hedatzen ari dira nonahi, ez bakarrik Erdi Ekialdeko herri islamistetan, bainan ere Saharrapeko Afrikan, Nigerian bezala, Islam erradikal baten izenean ; Lur sainduetan eta Libanoan, su-eten batek pausa izpi bat ekartzen diotelarik leher eginak diren jendeeri, oreka ahul hori eskualde guzietan dauden herren mehatxupean dago.

Nazio mailean, narkotrafikoaren desmasiak eta bortizkeria oldartzeak ikusten dira beren forma guztietan, eta deus ezin egin ; sekulan ez bezalako krisia politiko batek jendea arranguratzen du, bere etorkizunaz kezkatuta baitago, guztien ongiaz arduratuko den aginte bat ezin aurkituz ; familia apalenen kalterako litekeen aurrekontu bat hautatzea aipu da ; laborariak itotzen ari dira haien hasarrea ez entzuna izanaren bortxaz ; hezkuntza katolikoko ikastetxek agintekeria jasaiten dute zernahi kontrolekin, abusuen eskandala guretzat ez balitz gaitz bat bezala, eta lehengo laizismo baten izenean, aitamen hautua eta irakasleen hezkuntza askatasuna ukatzen dituena ; eutanasiari buruzko lege bat beti prestatzen ari da, ahulenak ezezta litzazkeena, haurridetasun faltsu baten izenean …

Holako giro tirabiratsuan ospatuko dute giristinoek Eguberri besta, menturaz Isaias profetaren hitz sumin hauekin: “Zergatik, Israel, Jakoben herri hori, zergatik ari zira erraiten: «Jauna ez da nere zoriaz arduratzen, nere eskubideez axolarik ez du?» (Is 40, 27) ; edo Joanes Batista Kristoren aitzineko profetaren galdera hunekin, presondegian bere harridura aitortzen duena: “Zu ote zira «Etortzekoa», ala beste baten beha egon behar dugu ?” (Mt 11, 3).

Eta, hala ere, Eguberrialdi hunekin bukatuko den Urte Saindu hunen bururapenean, ikus dezakegu itxaropen-seinalerik ez dela eskas, erran nahi baitauku: “Jaunari daudenek indarrak berritzen dituzte: arrano-hegalak jauzten zaizkiote, laster-eginik ere ez dira nekatzen, ibilirik ez akitzen”(Is 40, 31). Leon XIV.a  aita saindua, bake eta barnekotasun gizona  agertu dena, batez ere Turkian eta Libanon, egiazki seinale horietarik bat da, dudarik gabe.

Hemen berean, gure diosesan gaindi, harritua nago hainbeste esperantza seinale ikusiz : egiazko adiskidetzeak gertatzen dira ; gure elkarteetan, prekaritatean izanikan ere, bikoteak bizitzari idekitzen dira, eta seme-alabei fedea transmititzen diete ; helduek, gero eta gehiago gazteak,– aurten 96 gure diosesan –, fedea eta bataioa eskatzen diote Jainkoaren Elizari ; gazteek, Jesusentzat gogotsu, Kristoren lekuko ausartak bihurtu nahi dute, Erromako gazteen jubilauan edo Miarritzeko gazteen Diosesako egunean ikusi ahal izan dutan bezala; Paueko eta Baionako presondegietan ezagutu presoek bihotza idekitzen diote Jaunari, eta, Aumoneria taldeen laguntza baliotsuarekin, konbertsio bide bati lotzen dira ; pobre batzuek beharri bat, kontsolamendu bat eta Ebanjelioaren iragarpen xume bat aurkitzen dute gure boluntarioen artean ; gazte batzuek seminarioko atea jotzen dute Jaunari bizia emaiteko —bost propedeutes aurten Bihotz Sainduen seminarioan, beste lau Redemptoris Mater seminarioan; apezek, osoki beren ministerioari emanez, esperantzaren poza ereiten dute bihotzetan…

Denek ulertu dute Jesus ez dela mundurat etorri mundu hobe baten eraikitzera, bainan bihotzetan hasten den mundu berri baten sortzera : otoitzaren bidez, Jainkoarekin adiskidetu eta harekin elkartu bihotzak bakea sortzen du beren harremanetan, eta Jaunak munduaren itxura aldatzeko indarra eta zentzua emaiten dizkie.

Bai, Berri on hau beti oraikoa da : « Salbatzaile bat, Mesias Jauna, sortu zaizue gaur Daviden herrian. Eta huna emana zaizuen seinalea: sortu-berri bat aurkituko duzue troxatua, otalako batean etzanik». » (Lc 2, 11-12). Zeren beha zaude zure bizitzan hari ongi etorria emaiteko ?

+ Marc Aillet

 

Mezua entzuteko :

https://www.lapurdi.net/IMG/mp3/20122024_eguberriko_mezua_2024_marc_aillet_apezpikua.mp3

ARCHIVES

ÉVÉNEMENTS À VENIR

Pin It on Pinterest

Diocèse 64
Résumé de la politique de confidentialité

Ce site utilise des cookies afin que nous puissions vous fournir la meilleure expérience utilisateur possible. Les informations sur les cookies sont stockées dans votre navigateur et remplissent des fonctions telles que vous reconnaître lorsque vous revenez sur notre site Web et aider notre équipe à comprendre les sections du site que vous trouvez les plus intéressantes et utiles.